Eskola kirola

Irailaren 28an abiatuko da eskola kirola Araban eta Bizkaian: lehenak Hego Euskal Herrian

Segurtasun neurri zorrotzekin hasiko da eskola kirola Araban eta Bizkaian, hilaren amaieran. Urrian ekingo diote Gipuzkoan eta Nafarroan. Ipar Euskal Herrian, ikasturte hasieratik dago baimenduta. 

Gazte batzuk pilotan jokatzen, Donostian. IMANOL OTEGI / FOKU
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 22a
16:12
Entzun

Euskal Herriko gazteentzako kirol jardueren egutegia badoa finkatuz apurka-apurka. Lurralde bakoitza bere planteamendu zehatza egiten ari da, izurriaren bilakaera zein den aztertuta. Ondo bidean, Arabako haur eta gazteak irailaren 28an dira entrenamenduekin hastekoak, baita Bizkaian ere; Gipuzkoan, berriz, hiru egun geroago ekingo diote, hots, urriaren 1ean, betiere kontaktu mugatua dutela; Nafarroan ere urrian hasiko dute, baina ez dute iragarri zehazki zer egunetan; azkenik, Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko ikasleek ikasturte hasieratik normaltasun osoz ari dira entrenatzen.

Arabako Foru Aldundiak, kirol federazioekin bilera bat egin ostean, atzo jakinarazi zuen kirola egiteko baldintza guztiak betetzen dituztenak hurrengo astelehenik aurrera izango direla kirola egiten hasteko moduan. Eskola Kirolaren Euskal Batzordeak, hiru lurraldeetako aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak kirol jarduerako protokoloa onartu zuten, udalek eta taldeek segurtasun neurriak hartzeko jarraibideak izan ditzaten. Neurrien artean, besteak beste, aire zabalean entrenatzea lehenetsi dute, eta ateak itxita egongo dira. Gazteek bakarka egingo dituzte lehen saioak, lesio arriskua saihesteko, eta, gaitzaren kasurik atzeman ezean, talde osoa batuko da. Horrez gain, kirola egiten ari diren bitartean, ahal den neurrian, elkarren arteko distantzia fisikoa mantendu beharko dute. 

Materiala partekatzen badute, bestalde, garbitasunerako neurri zorrotzak ezarriko dira, eta aldagelak ezin izango dituzte erabili, igerilariek izan ezik. Maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da kirola egiten ez dutenentzat. Bestalde, Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kiroleko zinegotziak adierazi duenez, gazteentzako garraio zerbitzua ezarriko dute, entrenamenduetara eramateko, eta geroago, lehiaketetara garraiatzeko. 

Bizkaiko Foru Aldundiak ere eskola kirola abiatzeko data bera ezarri du: hilaren 28a. Oraingoz, Araban bezala, ez du lehiaketarik antolatuko, egoera epidemiologikoak modurik ematen ez duen bitartean. «Entrenamenduetan, gaztetxoek kontaktu mugatua izango dute, eta ezingo dute beste taldeko gazteekin harreman sozialik izan. Horrez gain, entrenamendu guztiak ateak itxita izango dira», azaldu du Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroletako zinegotziak. Haien asmoa da taldeak une oro modu kontrolatuan zaintzea. 

Gipuzkoan, joan den astean eman zituzten eskola kirolari berriz heltzeko gidalerroak. Urriaren 1etik aurrera hasi ahalko dira entrenatzen, betiere «kontaktu fisikorik gabe» eta «ingurune seguruetan». Kimuen eta haurren mailako txapelketen hasierak, ordea, datorren urteko urtarrilera arte atzeratu ditu aldundiak. Ezohiko egoera honetan, aldundiak emandako jarraibideen arabera, taldeetan hamabost pertsona aritu ahalko dira gehienez, «segurtasun tartea mantendu» beharko dute, eta gaztetxoek «ezingo dute materiala partekatu»; beste lurraldeetan hartu den neurri bera. 

Nafarroan, berriz, urriaren hasieran, kontaktu fisiko txikiena duten kirolak egitea baimenduko dute, hala nola pilota, mahai tenisa eta xakea. Taldekako kirolak beranduago hasiko dira, eta azaroan, berriz, kontaktu handiena duten kirol modalitateak. Nafarroako Kirol Institutuak azaldu duenez, segurtasun neurriak «zorrotzak» izango dira: besteak beste, kiroldegietako harmailetako gehienezko ikusle kopurua %66raino mugatuko dute.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, azkenik, kolegioetan eta lizeoetan bakarrik baimendu dituzte entrenamendu eta lehiaketa guztiak, kontaktu fisiko handirik gabekoak. Segurtasun neurriei dagokienez, udalerri bakoitza da kiroldegietako aldagelen eta azpiegituren erabileraren arduradun. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.