Lan gatazkak

Hegazkingintza ez dago isilik

ITP Aeroko langileen gehiengo handiak greba egin du, eta sindikatuek bat egin dute manifestazioan, baina ez pankarta berean. Aernnovan lau orduko lanuztea egin dute

ITPko langileen manifestazioa, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko irailaren 22a
17:28
Entzun

ITP Aeroko eta Aernnovako langileek garbi utzi dute kaleratzerik ez dutela onartuko. Bi plantetan greba eguna izan da gaur: egun osokoa ITPn (Zamudio, Bizkaia), eta lau ordukoa Aernnovan (Berantevilla, Araba); eta bietan langileen gehiengo handi batek babestu du lanuztea. ITPkoek manifestazioa ere egin dute Bilboko kaleetan, jendetsua, langile batzordeko hiru sindikatuek babestu dutelako. Hori bai, sindikatu bakoitzak bere pankarta eraman du, jarrerak bateratzeke dituzten seinale.

ITP Aeroko zuzendaritza eta langile batzordea 194 kaleratze egiteko —1.269 langile dira guztira— erregulazio espedientearen nondik norakoak negoziatzen ari dira egun. Langileen %12 behin-behinekoak dira, eta horietako batzuek ere ez dute jarraituko. Atzo izan zen bigarren bilera, eta bihar berriz elkartuko dira. Asteleheneko bilera «burokratikoa» izan zen, sindikatuen arabera, eta informazio ekonomiko gehiago eskatu zioten enpresari. Datu horiek bihar jasoko dituzte, eta bilera horren ondoren elkartuko dira sindikatuak hurrengo egunetan eman beharreko pausoak erabakitzeko. ELAk hamar ordezkari ditu batzordean; CCOOk, zortzi; eta UGTk ,bost.

ELAk deituriko hirugarren greba eguna da gaurkoa, eta UGTren eta CCOOren aurrenekoa, Espainiako hegazkingintzan eginiko deialdiarekin bat eginez. Hiruren mezua antzekoa izan da: ez dute onartuko 2016 eta 2019 bitartean 260 milioi euroren irabaziak izan zituen enpresa batek kaleratzerik egitea. Euren ustez, krisia aldi baterakoa denez, egokiagoa da neurri ez-traumatikoak hartzea, baimenak eta halakoak.

Denbora, baina, aurka dute ITPn. Aldi baterako lan erregulazio espedientea gaur zortzi bukatuko da, eta negoziazio epea urriaren 16an. ELAk beste greba egun batera deitu du etziko, Gaizka Aldazabal batzordeko kidearen ustez «kalean egotea» delako enpresak utzi duen aukera bakarra: «Gaurko bileran sindikatuen artean irizpideak bateratzen saiatuko gara, baina ekintza sindikala da espedientea bertan behera uzteko modu bakarra».

Bat egiteko zailtasunak

Hiru sindikatuek ez dute baztertzen mobilizazioekin jarraitzea, ezta greba egutegi bati ekitea ere. Dena den, aldea dago erritmoetan. David Gago CCOOko delegatuak «batasuna» eskatu du manifestazioan amaieran, baina zaila dirudi biharko grebarekin bat egitea: «Bat egin behar dugu, baina mobilizazioen intentsitate maila neurtu behar da. Ezin dituzu aukera guztiak lehen egunean erre; dosifikatzen joan behar duzu. Greba egitekotan, bateratua izan behar du».

UGTren izenean Patxi Martinez delegatuak hitz egin du, eta «arinegi» ez dela ibili behar azaldu du: «Datuak aztertu behar dira. Funtsezkoena lantaldea babestea da». Hitza hartu duenean, Espainia osoko sektorearen batasuna aipatu du, eta horrek ikusgarritasun handiagoa ematen diola protestari.

ITPren espedienteak ez dio Zamudioko plantari bakarrik eragiten, baita Espainiako biei ere (Alcobendas eta Ajavir), eta negoziatzeko eremuak zein beharko lukeen da sindikatuen batasuna zailtzen duen aldagaietako bat. ELAk Zamudion erabaki dadila nahi du; UGTk eta CCOOk, aldiz, ez dute begi txarrez ikusten hiru plantek bat eginda negoziatzea.

Aernnovan, «%90»

Aernnovan ere greba eguna izan da. Espainiarako deialdia zegoenez, langile batzordeak deialdi propioa egin du, eta ia lantalde osoak bete du: «Ekoizpen ataleko guztiek eta bulegoetako erdiek, %90 inguru», azaldu zuten iturri sindikalek. Aernnovako langile batzordean sindikatu guztiek dute ordezkaria: ELAk, LABek eta CCOOK hiruna delegatu dituzte; UGTk, bi; eta USOk eta CGTk, bana.

450 langilek dihardute Berantevillako plantan, eta enpresak %20 inguru kaleratzea espero da. Zuzendaritzak ez du kopuru zehatzik eman oraindik, Jaurlaritzarekin adosturiko akordio bat dela-eta ezin duelako kaleratzerik egin abenduaren 31 arte. Egun horretan bukatuko da indarrean duten aldi baterako erregulazio espedientea.
Larunbatean izango dute hurrengo mobilizazioa, Arabako aeronautikak Gasteizen deituriko manifestazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.