Hezkuntza Sailak «planifikazio integralik» ez duela salatu dute sindikatuek

Ohartarazi dute «transmisio kasuak ugarituko» direla neurriak hartzen ez badira. Greba egunetik astebetera, adierazi dute ez dutela baztertzen beste mobilizaziorik egitea.

Sindikatuen agerraldia, gaur. BERRIA
gotzon hermosilla
2020ko irailaren 23a
11:27
Entzun

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuetako hezkuntza arloko ordezkariek agerraldi bat egingo dute Bilbon. Salatu dutenez, irailaren 15eko greba egun «arrakastatsua» izan zenetik astebete igaro den honetan, Hezkuntza Sailaren «berririk gabe» jarraitzen dute.

Agerraldian, Miren Zubizarreta (ELA), Irati Tobar (LAB), Ana Perez (Steilas), Pablo Garcia de Vicuña (CCOO) eta Joseba Ander Muñoz (UGT) egon dira; izan ere, egoeraren analisian bat datoz hezkuntza arloan ordezkaritza duten sindikatu guztiak. Irailaren 15ean egindako grebaren balorazioa egin dute: esan dutenez, deialdiak «babes zabala» izan zuen, eta hezkuntza komunitatearen sostengua ere bereganatu zuen.

Baina grebaren ingurumarian Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek elkarrizketaren alde egindako adierazpenak ez dira ezertan gauzatu, sindikatuek adierazitakoaren arabera: astebete baino gehiago igaro da, eta «sailaren berririk gabe» jarraitzen dute. “Ez daukagu solaskiderik, eta ez dira gurekin bildu ere egin».

Horregatik, sindikatuek uste dute grebaren harira Hezkuntza Sialak eta Urkullu lehendakariak berak egindako adierazpenek «greba eta mobilizazioak ikusezin bihurtu eta desaktibatzeko ahaleginak» baino ez zirela izan. Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuek ere, helburu hori zuten, sindikatuen arabera.

Greba egin zuten salatzeko heziketa zentroetan ez dagoela behar bezalako baliabiderik izurriaren erdian ikasturteari ekiteko, argudiatuta egoera honetan ez dagoela bermatzerik ikasleen eta irakasleen segurtasuna. Denborak arrazoia eman diela adierazi nahi izan dute agerraldian: «Eskoletan bakartutako gela kopurua gorantz doa, eta jadanik eskola barruko transmisio kasuak hasi dira azaleratzen».

Sindikatuen ustez, egoerak erakusten du Hezkuntza Sailak ez duela «planifikazio integralik» egoerari aurre egiteko. «Argi esan nahi dugu: Hezkuntza Sailak neurriak hartu eta baliabideak jartzen ez baditu, transmisio kasuak ugarituko dira».

ELAko Miren Zubizarretak eta LABeko Irati Tobarrek esan dutenez, azken aste honetan ugaldu dira «hezkuntza komunitatearen kezka eta haserrea eta Hezkuntza Sailaren arduragabekeria» salatzen duten ekinbideak: elkarretaratzeak, gurasoen protestak, kaleko mobilizazioak eta are zenbait eskolatako zuzendaritza taldeen dimisioak ere. Sindikatuen ustez, hori da bidea «Hezkuntza Sailak planifikazio integrala eta beharrezko baliabideak mahai gainean jar ditzan» lortzeko.

Horregatik, urriaren 2an manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 18:00etatik aurrera, «ikasturte seguru eta adostuaren alde». Sindikatuek ez dute baztertzen geroago bestelako protesta moldeak erabiltzeko aukera, ezta grebarena ere: «Astero-astero ari gara egoeraren bilakaera aztertzen, eta horren arabera hartuko ditugu erabakiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.