Gizartea

Zuzenbide Konstituzionaleko Sare Feministak Urkulluri azalpenak eskatu dizkio Emakunderekin hartutako erabakiaz

Elkarte horretako kideen ustez, «irregulartasun» bat egin dute erakundea Lehendakaritzatik kenduta, eta gutun batean adierazi diote ezinegona Eusko Jaurlaritzako lehendakariari

arantxa iraola
2020ko irailaren 23a
12:23
Entzun

Emakunde Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren mendeko erakundea izan da beti; haren jardunak gobernuaren jardun osoan eragina izatea bilatu da horrela, baina legealdi berriarekin aldaketa etorri da, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailaren barruan sartu baitute orain. Aldaketa horrek ekarritako kritiken sokari ahots berri bat gehitu zaio: Zuzenbide Konstituzionaleko Sare Feministak gutun bat helarazi dio Iñigo Urkullu lehendakariari, galdetzeko zergatik hartu duen erabaki hori. Elkartean aldaketaren gaineko gogoetan jardun dutela esan dute, eta eman diren arrazoibideetan «konbentzitzeko modukorik» ez dutela entzun bat bera ere; are gehiago, beren gogoetetan ondorioztatu dute «irregulartasun» baten emaitza dela erabakia; izan ere, Emakunde sortu zenean ezarritako lege irizpideak eta EAEko Berdintasun Legea «apurtu»  direla uste dute.

«Argia da egin den irregulartasuna», azaldu dute; izan ere, orain aldaketa dekretu baten bidez hartu da, eta oroitarazi dute lege batean ezarritako irizpideak ezin direla apurtu horrela. Horren atzean «ezjakintasun juridikoa» egotea «pentsaezina» dela adierazi dute, eta zail dela horregatik zer «motibaziok» bultzatutako erabakia den asmatzea.

Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleen elkarte bat direla adierazi dute, «erreferentetzat» dutela Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde autonomikoek gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren inguruan igaro urteotan egin duten bidea, eta horregatik adierazi dutela, hain zuzen ere, gai honen inguruko «kezka». Gogora ekarri dute Emakunderen antolaketa eredua adibide goraipatua izan dela toki askotan, eta defendatu egin behar dela. Gutuna elkarteko presidente Mar Esquembrek izenpetu du. Erantzuna espero dutela esan du, eta gogoetarako bidea izan daitekeela erantzun horixe berdintasun politikak nola hobetu daitezkeen aztertzen jarraitzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.