Datuak

Lehen aldiz, laurehun kasuren langa gainditu du Nafarroak

Beste 826 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Horietatik 421 Nafarroan detektatu dituzte. Positiboek goia jo dute lurralde horretan, eta hildako bat izan da. 497 lagun daude erietxean Hegoaldean: horietatik 81, ZIUetan.

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 23a
12:54
Entzun

Egun bakarrean 826 positibo atzeman dituzte Hegoaldean. Kopurua nabarmen handitu da bezperako datuekin alderatuta: bezperan 164 gutxiago detektatu zituzten; 662, zehazki. Lurraldeka, Nafarroan detektatu dituzte Hegoaldean atzemandakoen erdiak baino gehiago: 425 lagunek positibo eman dute lurralde horretan egindako PCR probetan. Nafarroan bigarren olatua hasi zenetik erregistratutako positibo kopururik handiena da; orain arte, kopurua ez da laurehunetik gorakoa izan. Gainontzeko lurraldeetan, Bizkaian 177 kasu atzeman dituzte; Gipuzkoan, 169; eta Araban, berriz, 51. Guztira, 13.210 PCR egin dituzte azken orduetan Hegoaldean.

Nafarroako Gobernuko Santos Indurain Osasun kontseilariak jakinarazi duenez, azken egunean hildako bat izan da koronabirusaren ondorioz foru erkidegoan. 67 urteko gizonezko bat da hildakoa. Halaber, Eusko Jaurlaritzak azken astean koronabirusaren ondorioz hildakoen datuak eman ditu. Jakinarazi duenez, irailaren 14tik 20ra bitarteko astean, 62 pertsona hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ospitaleratzeei dagokienez, 51 lagun sartu dituzte erietxean azken egunean. Oraintxe bertan, 497 lagun daude ospitaleratuta Hegoaldean, eta, horietatik, 81 gaixo ZIUetan daude, bezperan baino bat gehiago.

Koronabirusak Euskal Herrian utzitako datuak sakonki ikusteko, jo ezazu BERRIAk webgunean sortutako atal berezira: Koronabirusaren azken datuak. Bertan jasota daude COVID-19ak Euskal Herrian duen eragina azaltzen duten grafikoak eta mapa interaktiboak.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.