Espainia datorren astean hasiko da preso dauden politikari katalanen indultuak tramitatzen

Juan Carlos Campo Justizia ministroak eman du berria, Kongresuko gobernuaren kontrol saioan

Juan Carlos Campo Espainiako Justizia ministroa, gaur, Kongresuko gobernuaren kontrol saioan. EMILIO NARANJO / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 23a
13:07
Entzun

Espainiak gaur iragarri du datorren astean hasiko dela preso dauden politikari katalanen indultuak tramitatzen. Juan Carlos Campo Justizia ministroak eman du berria, Kongresuko gobernuaren kontrol saioan, Laura Borras JxCat Junts Per Catalunyaren bozeramaileak eginiko galdera bati erantzunez: “Hori da tokatzen dena”, argitu du. Francisco Jufresa abokatuak iazko abenduan hamabi buruzagi independentistentzat aurkeztutako indultu eskaera du mahai gainean Pedro Sanchezen gobernuak.

Horrez gainera,  Zigor Kodea aldatzeko asmoa dutela ere adierazi du, egungo errealitate sozialera eta beste herrialde batzuetako araudira egokitzeko, tartean matxinada eta sedizio delituak.

Ondoren, Borrasek hedabideei egindako adierazpenetan ohartarazi du indultuak "banakako irtenbidea" direla, eta haien apustua amnistia dela. Neurri horrek gatazkari politikatik heltzea ekarriko lukeela esan du, eta hor “ez dutela ikusten gobernua”.

Indultuaren tramitazioa prozesu luzea da. Justizia ministerioaren arabera, lau eta sei hilabete artean iraungo du. Lehenik, auzitegi epai emaileari bidaliko zaio eskaera, kasu honetan Auzitegi Gorenari, txosten bat egin dezan. Ondoren, alde guztiak entzun behar dira, fiskaltza barne. Gogorarazi dute, gainera, 2019an ministerioak eskatutako indultuen % 1 baino gutxiago onartu zituela. Guztira, 4.162 espediente ebatzi ziren; horietatik 4.123 ukatu ziren, eta 39 baino ez ziren onartu.

Independentismoak argi utzi du indultua ez dela preso politikoen askatasuna lortzeko biderik aproposena. ERCk, JxCatek, ANCek, Omiumek eta CUPek amnistia eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.