Lan araudia

Janari banatzaileak ez direla autonomoak berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak

Espainiako Gobernuak aurki aurkeztu nahi du bizikletako banatzaileei buruzko legedi berria

Glovoren banatzaile bat, Donostian. JON URBE / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 23a
16:22
Entzun

Etxez etxeko janari banatzaileak, rider ere deitutakoak, autonomo faltsuak direla berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Glovori dagokion epai batean, auzitegi horrek ebatzi du konpainia horrek kalte-ordaina eman behar diola 2017an kaleratutako langile bati.

Glovok argudiatu zuen ez zuela langilea kontratatu eta, beste banatzaileak bezala, autonomo gisa ari zela harentzat lanean. Kataluniako Auzitegi Nagusiak, ordea, esan zuen langilea autonomo faltsua zela, eta ebazpen hori bere egin du Auzitegi Gorenak: «Banatzaile baten eta Glovoren artekoa lan harremana da». Gainera, ezeztatu egin du enpresaren argudio nagusia, jatetxeen eta banatzaileen arteko bitartekari hutsa dela.

Gaiari buruzko erabaki kontrajarriak hartu dituzte epaitegiek, baina Gorenaren epaiak balio beharko luke desadostasunak ezabatzeko eta doktrina bateratzeko.

Edonola ere, Espainiako Gobernua legegai bat lantzen ari da banatzaileen lan egoera argitzeko. Testua oso aurreratua dagoela esan berri du Yolanda Diaz Lan ministroak.

Glovok esan du epaileen erabakiak errespetatzen dituela, eta eskatu du, Espainian ez ezik, Europan ere araudiak «argitzeko», bere ereduaren aldeko epaiak egon badaudelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.