Hezkuntza

32 ikasgela itxi dituzte egun bakarrean Hego Euskal Herrian

Ikasturtea hasi zenetik, 364 ikasgela daude itxita Hegoaldean. Guztira 231 ikastetxetan izan dira itxiera horiek.

Hainbat ikasle, ikasgeletara sartzeko zain, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 23a
17:10
Entzun

Ikasturtea hasi zenetik, koronabirusaren hedapena nabarmen handitu da ikastetxeetan, eta ikasgelen itxierek ez dute etenik. Hego Euskal Herrian, egun bakarrean 32 ikasgela itxi dituzte, positibo kasuak atzeman dituztela eta. Gehienak Nafarroan itxi dituzte, 24. Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, zortzi. Orotara, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 364 ikasgela daude itxita Hegoaldean. Nafarroan 96 daude itxita, eta 268 gainerako hiru lurraldeetan. 

Datuak gehiago xehatuta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuei dagokienez, Jaurlaritzak aditzera eman duenez, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergo edota Lanbide Heziketara arteko 17.554 ikasgelen %1,52 dago itxita, eta 172 ikastetxetan dute eragina, atzo baino hamar gehiago. Nafarroan, aldiz, gobernuaren arabera, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1.973 ikasle daude itxialdian, hots, ikasle kopuru osoaren %3,21, eta 59 ikastetxetan atzeman dute positibo kasuren bat. Bestalde, 1.508 gazte ikasgeletara itzuli dira, hamar eguneko berrogeialdia egin ostean. 

Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina bada itxierarik. Atzo, esaterako, Miarritzeko eskola bat itxi zuten, irakasle batek PCR testean positibo eman zuela eta. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.