Migrazioak

Pandemiak egoera zaildu du Hendaiako atxikitze zentroan

2019. urtean 355 migratzaile pasatu ziren Hendaiako atxikitze zentrotik. Pandemiak egoera gogortu die bertan diren migratzaileei .

Cimade elkartearen prentsaurrekoa, Hendaian. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko irailaren 23a
17:20
Entzun

Urtero ematen ditu migrazioari buruzko datuak Cimade elkarteak, baina 2019ko datuek badute berezitasun bat: 2019ko urtarrilaren lehenetik, atxikitze epea luzatzea erabaki zuen Frantziako Gobernuak, 45 egunetik 90 egunera. Maite Etxeberri Cimade elkarteko langilea da, eta Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroan egiten du lan, paperik gabekoei kontseilu juridikoak ematen. «Atxikitze zentroan egoteko epea, berez, kanporaketa bidaia prestatzeko epea da. Lehen, 45 egunekoa zen, eta orain, 90 egunekoa. 2019an, atxiloketa gehiago gertatu dira, baina kanporatze gehiago ez. Epea luzatu dute, baina argi da debalde dela, ez baitute lortzen kanporatzen». 90 eguneko epea gaindituta, Frantziako Administrazioa behartua da pertsona askatzera; baina Frantziako Poliziak berriz kontrolatzen badu, berriz sar dezakete atxikitze zentrora.

2020. urteko daturik ez dute eman oraindik, baina «urte zaila» izan da Cimade elkartearentzat. Pandemian, Hendaiako atxikitze zentroa hetsi zuten; alta, prozedura zenbait ez dira bertan behera gelditu, eta hainbat auzi saio modu telematikoan egin dituzte. «Arazo bat sortzen du horrek, eta botereen bereizketa zalantzan ezartzen ditu, Polizia eta Justizia nahasten ahal direlako», salatu du Julie Aufore Cimadeko langileak. Izan ere, atxilotze zentrotik egiten zituzten bideokonferentziak, hain justu, Poliziak kudeatzen duen egituran.

Zentroa ekainean ireki zuten berriz, baina pertsona gutxiagorentzat. Berez, 24 leku ditu zentroak, eta hamabi lekura mugatu zuten udan. Iragan astetik, ordea, hamasei pertsona hartzen ahal dituzte. Maite Etxeberri: «Arazo sanitario bat da. Hamabi gela badira gizonentzat; beraz, batzuek binaka lo egin behar dute. Emazteentzako diren sei lekuak iritsi berri diren gizonentzako baliatzen dituzte, medikuaren azterketa egin aitzin».

Bestalde, pandemiak zalantzan jarri ditu kanporaketa prozedurak, herrialde batzuek mugak itxi dituztelako. Atzo, Baionako auzitegiak bi hilabeteko kartzela zigorra eta Frantzian egoteko hiru urteko debekua ezarri zion Boli Kostako gizon bati. Etxeberri: «PCR testa egitea da Boli Kostara itzultzeko baldintza. Gizonak ukatu egin zuen, kanporaketa saihesteko. Baina Prokuradoreak segidak eman ditu, eta, PCRari uko egin dionez, bi hilabeteko kartzelaldia ezarri dio. Horrez gain, hiru urtez izanen du Frantziara sartzeko debekua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.