EUSKARA

Euskaraldian izena emateko epea ireki dute

Aurreko aldian baino udalerri gehiagok eman dute izena, 412k, eta ari dira entitateetan ere: 13.000 arigunetik gora dira jadanik. Herritarren txanda da orain.

Erakundeetako eta euskalgintzako eragileak, gaurko agerraldian. RAUL BOGAJO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko irailaren 24a
12:26
Entzun

Orain bi urteko ariketan baino are olatu sendoagoa sortzeko bidean da Euskaraldia. Herritarrek izena emateko epea orain ireki dute, eta hori izango da giltzarrietako bat, baina oinarri sendoagoa prestatu dute jadanik. Batetik, udalerriei dagokienez: Euskal Herri osoko 412 herrik eman dute izena ariketarako, aurrekoan baino zazpi gehiagok. Tartean daude zazpi hiriburuak, eta, biztanle aldetik, herritar gehien-gehienen udalerriak barruan daude. Bestetik, aurtengo ariketaren berritasuna da norbanakoena ez ezik ariketa kolektiboa ere izango dela: entitateetan eragin nahi dute, ariguneekin, euskaraz eroso aritzeko eremuekin. Bi hilabete barru izango da Euskaraldia, hamabost egunez: azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Bideoa: Bigarren Euskaraldia: norbanakotik kolektibora (2019ko ekaina)

[YouTube]https://youtu.be/wgDJJEjlwY4[/YouTube]

Arrakastatsua izan zen lehen Euskaraldia parte hartzeari dagokionez: 225.000 herritarrek eman zuten ariketarako izena. Alegia, proportzioan begiratuta, euskal herritarren ia hamarretik batek —16 urtetik gorako herritarrak hartuta, adin horretatik gorakoek baitute aukera izena emateko—. Hala ere, antolatzaileek garrantzi handiagoa eman zioten ariketaren beraren muinari: hizkuntza ohiturak aldatzeari. Ebaluazioa egin zuten, inkesta baten bidez, eta erakutsi zuen baietz, eragina izan zuela hizkuntza ohituretan: ariketak berak iraun zuenean nabarmen areagotu zuten euskararen erabilera parte hartzaileek —hogei puntu inguru—, eta pixkanaka indarra galdu zuen gerora. Baina eragina utzita, nolanahi ere.p>

Euskaraldiaren ikerketak erakutsi zuen, gainera, premiarik handiena dagoen tokian eman zutela pausorik handiena, eremurik erdaldunenetan, eta euskaraz gaitasun mugatua daukatenek aldatu zutela ohitura gehien.

Beste koska bat igotzea, hori da aurtengo ariketaren helburua, eta orain bi urteko Euskaraldiak sortutako giroa berritzea. «Berriz bizitzera goaz duela bi urteko enpatia, ilusioa, begiradak, konplizitatea, sintonia ona... Lortu nahi dugu horiek ere ahalik eta jende gehienera iristea». Kike Amonarrizen hitzak dira, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariarenak. Topagunea bera da, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Euskaraldiaren antolatzailea, baina sustatzaile gisara alboan dituzte Euskal Herri osoko erakundeak eta euskalgintzako eragileak. Elkarrekin agerraldia egin dute Gasteizen, eta Euskaraldian izena emateko deia egin dute. Iluntzerako beste ekitaldi bat antolatu dute, Bergaran (Gipuzkoa): Euskaraldiko kantua eta bideoklipa aurkeztuko dituzte.

Parte hartzaileen soslaia

Ariketan parte hartzeari dagokionez, erronka dute orain bi urteko Euskaraldian parte hartu zutenak berriz erakartzea, eta erabileran egin zuten urratsa berritzea. Baina harago jotzeko nahia ere badute, Arrate Illaro koordinatzailearen esanetan: «Nahi dugu lehen aldian parte hartu zuten kideak berriz gurekin aritzea, baina baita kide berriak ere: bakoitzak nahi eta ahal duen jokabidea hartuta egin daiteke ariketa». Rolei dagokienez, ez dago aldaketarik: ahobiziek konpromisoa dute ahal den guztietan euskaraz aritzeko; belarriprestek, berriz, euskararen erabilera errazteko funtzioa dute.

Izen emateetan gorabeherak izan ziren orain bi urte: ahobizi gisa parte hartu zuten ia lautik hiruk, emakumeak izan ziren ia hirutik bi, eta proportzioan apalagoa izan zen 16-30 urte artekoen parte hartzea —euskararen ezagutza gainerako adin taldeetan baino handiagoa dute—. Desoreka horietan eragin nahi dute aurten.

Askotariko jendea erakarri beharraz mintzatu da, hain justu, Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria: «Askotarikoak gara, eta, hala ere, badugu zerbait komunean: prest gaude euskaraz gehiago egiteko pausoak emateko». Nabarmendu du ezagutza gora ari dela belaunaldi berrietan. «Espero dezagun gazteek euskararen aldeko hautua indartzea».

Herriz herriko sarea

Behetik gora sortutako lan ardatz baten fruitua da Euskaraldia. Mugimendua hainbat herritan hasi zen, hizkuntza ohiturak aldatzeko ekinaldien bidez, eta hori maila nazionalera eraman dute Euskaraldiarekin. Baina orain ere zeregin funtsezkoa daukate herriz herriko batzordeek: haiek ari dira sareak josten izena eman duten udalerrietan. Kemena eta ilusioa goraipatu ditu Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuak: «Pandemiak gogor jo gaitu, eta une honetan ilusioa behar dugu: heldulekuak eta estimulu berriak. Euskaraldiak hori ekar diezaguke».

Koronabirusa eragina izaten ari da, noski, Euskaraldia prestatzeko prozesuan. Herriz herriko batzordeen lana zaildu du. Baina baldintza horietan ere udalerri gehiagok eman dute izena, eta entitateetan ere bidea egiten ari dira. Izena emateko epea irekita dago, baina orain arte askotariko 4.300 zentrok eman dute izena, eta 13.000 arigune baino gehiago daude identifikatuta. Ariguneen helburua da euskaraz lasai aritzeko espazioak eratzea, euskara denek ulertzen dutela bermaturik.

Herritarren arloan eta entitateenean, bietan eragin nahi dute, ariketa sendoagoa eginez. Hala nabarmendu du Amonarrizek: «Jauzia egiteko garaia da: herritarrek, erakundeek eta eragileek, denok dugu jauzi hori emateko zeregina eta ardura. Hau da momentua. Eta guk ez badugu egiten, ez du beste inork egingo».

Euskaraldian izena emateko, hiru bide hauek daude:

- Herriz herriko izen emate ekitaldietan

- Euskaraldiak sakelako telefonoetarako duen aplikazioan

- Interneten, Euskaraldiaren webgunean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.