Aurrez aurrekoak ez diren osoko bilkurak egiteko aukera onartu du Eusko Legebiltzarrak

Eusko Legebiltzarreko araudia aldatu dute, COVID-19aren ondorioz. Legebiltzarkideek aukera edukiko dute beren botoa era telematikoan emateko, eta baita eskuordetzeko ere.

Legebiltzarkide batzuk, Gasteizen, inbestidura saioan. RAUL BOGAJO / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko irailaren 24a
12:43
Entzun

Hasi du ikasturtea Eusko Legebiltzarrak, eta, horrekin batera, dagoeneko adostu dituzte zenbait puntu. Lehena Eusko Legebiltzarraren araudiaren aldaketa izan da. Ondorioz, hemendik aurrera, osoko bilkurak aurrez aurre ez egiteko aukera egongo da ezohiko egoeretan. Horrez gain, legebiltzarkideek aukera edukiko dute beren botoa era telematikoan emateko, betiere kasu zehatzak badira. Gainera, botoa eskuordetzeko aukerak ere areagotu egin dituzte. Hain zuzen, aldaketa horiek EH Bilduk, EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek egindako proposamen bati esker onartu dituzte.

Saio bat modu telematikoan egin ahal izateko, gutxienez, eskaria bi taldek edo legebiltzarkideen bostenek egin beharko dute, betiere ezohiko egoerek haien aurrez aurreko presentzia oztopatzen badute. Botoa eskuordetzeari dagokionez, orain arte, soilik aitatasun eta amatasun baimenetan egin zitekeen, baina areagotu egin dira aukerak. Haurdun edo ospitalean egonez gero, edo gaixotasun larri bat edukiz gero, botoa eskuordetzeko aukera egongo da hemendik aurrera. Gainera, amatasun eta aitatasun baimenetan botoa eskuordetzeko iraupena luzatzea ere aurreikusten da, orain arte sei astekoa izan baita epea. Areago, egoera horietan daudenek aukera edukiko dute botoa era telematikoan emateko, betiere Legebiltzarreko mahaiak hala onartzen badu eta boto emailearen identitatea eta botoaren norabidea bermatzen badira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.