Donostiako 68. Zinemaldia

Mortensen: «Ez baduzu burua ongi fokatzeko moduan, ez duzu ikusten gauzen potentzialitatea»

Atzo arratsaldean jasoko du Donostia saria aktore eta zinemagile entzutetsuak. Zuzendu duen estreinako filma ere aurkeztu du jaialdian, zeinetan aktore nagusi modura lan egin duen, Lance Henriksen ondoan: Falling. Mortensen bideo soslaia albistearen barruan.

itziar ugarte irizar
2020ko irailaren 24a
17:51
Entzun

“Pertsonalki, eskertuta nago aitortzagatik, zoriontsu egiten nau, ni, nire familia, nire lagunak. Baina, hori baino inportanteagoa agian, sari honek zinemaren historiaren parte kontsideratzen nau, eta horrek egiten nau oso zoriontsu”. Aurtengo Donostiako Zinemaldi atipikoan banatuko den Donostia Sari bakarra jasoko du Mortensenek gaur (New York, AEB, 1958), eta halaxe agertu da prentsaren aurrean ordu gutxi lehenago, bere burua “zinemaren historiako izen handi askoren ondoan” jarri izanagatik eskertuta. “13 urterekin amak lehenengoz zinemara eraman ninduenetik nahi izan dut kontatzearen parte izatea”.

 

Aurretik Donostiako Zinemaldian egona bada ere, fokuak inoiz ez bezala bereganatu ditu aurten Mortensenek. Zuzendu duen estreinako filma aurkeztera ere etorri da, Falling, baina, horretatik haratago, orain artean osatutako ibilbide oparoa aitortu nahi izan dio jaialdiak. Antzerkigintzan emandako lehen urratsetatik, rol gero eta garrantzitsuagoetara egindako bidea, denera hirurogehi lan ingurutan parte hartzeraino: Carlito’s Way (Brian de Palma, 1993), A History of Violence (David Cronenberg, 2005), Eastern Promises (Cronenberg, 2007), Captain Fantastic (Matt Ross, 2016) eta Green Book (Peter Farrelly, 2018) eta ikur bilakatu zuen beste The Lord of the Rings (Peter Jackson) trilogia, zeinetan Aragornen pertsonaia jokatu zuen. Saria egindako bide horri begiratzeko aitzakiatzat hartuta, “zortea” izan duela aitortu du aktoreak, baina ñabartu norberak ere baduela zerikusirik horretan. “Lan egin ahal izan dut gidoilari, zuzendari, argazkilari oso garrantzitsuekin. Rol oso onak jokatzeko zortea izan dut. Baina zortea… zorte kolpe baterako gertu egon behar du batek. Ez baduzu burua ongi fokatzeko moduan, ez duzu ikusten gauzen potentzialitatea, istorio batena, gidoi batena”.

Interpretazio lanak egin du ezagun Mortensen, baina bestelako arteak ere landu izan ditu, pintura, musika, argazkigintza eta literatura bera —Perceval argitaletxe independentearen sortzaile da, esaterako, zeina artean, kritikan eta poesian espezializatuta dagoen—. Nabari zaio ikuspegi zabal hori hizketarakoan, baita zinema jartzen duela jardun guzti horren erdigunean ere. “Nire bizitza…” eta segundo batzuetako isilunea hartu du kalkulatzeko. “Nire bizitza duela 38 urtetatik dago zinemari lotuta. Ez dut besterik ezagutu. Pixkanaka horren parte izateko eta ikasten joateko desioa ez dut inoiz galdu. Kuriositate horrekin jarraitzen dut: nolakoa den gidoi bat pantailara eramateko jolas buru-hausgarri hori”. Azpimarratu du alor askotako profesionalen lana eskatzen duela horrek. "Ikusi ditut gidoi zoragarriak pantailan negargarri, eta alderantziz".

Zuzendaritzan debuta

Argi esan du: «Lehenago zuzendu ez badut, ez da izan saiatu ez naizelako. Ezin izan dut diru nahikorik bildu». Trukean, denbora eta eskarmentua irabazi dituela aipatu du, duela 20-30 urte egin ahal izango zituen akats batzuk hobetzeko balio izan diotenak. Zuzendu egin du Falling, baina aktore lanak, ekoizlearenak eta musikari dagozkionak ere egin ditu. Bera eta Lance Henriksen dira protagonistak filmean: Willis eta John aita-semeak, mundu ikuskera guztiz ezberdina dutenak, bata Los Angelesen eta bestea Kalifornian bizi direnak.

Gidoia idazten ama hil zitzaionean hasi zen Mortensen, eta ez du ezkutatu filma zeharkatzen duen hari autobiografikoa. «Hiletan entzundakoetatik oharrak hartu nituen, nire oroitzapenen bestelako bertsioak, irudiak... Hortik sortu zen gidoirako ideia». Bi planotan eraiki du, kontakizunean oraina litzatekeena, eta aldiro tartekatutako iraganeko akorduena, non haurtzaroko etxe giroa azaltzen den. Bigarren horretan metatu du zinemagileak material biografikoena. «Helburua nire gurasoekiko sentimenduak esploratzea izan da. Eta, hala ere, fikziozko lan bat da».

Ez zuen hasieran filmean agertzeko asmorik Mortensenek. Diru kontuek eragin zuten erabakian. Baita Henriksenekin aurretik zuen harremanak ere. «Berarentzat garrantzi handia zuen pertsonaiak, eta uste dut seguruago zegoela ni aurrean izanda». Filmatzen hasi aurretik dena ongi prestatzeko aukera izan zutela azaldu zuen, eta horrek erraztu zizkiola interpretatze eta zuzentze lanak bateratzea. «Gauza eder bat ere izan du: besaulkirik onena izan dut Henriksenen interpretazioa ikusteko, aurrelanean, berekin filmatzean, eta ondoren, muntatzean. Ikaragarria da egin duena».

Konplexua da hark jokatu duen pertsonaia, Willisena. Adineko gizon kontserbadore bat da, misoginoa, arrazista, homofoboa —homosexuala da John—. Gizon belaunaldi bateko ordezkari izan daitekeela onartu zuen aktoreak, baina «karikaturatik» urrun eraiki duela. «Nire aita ere izan zitekeen belaunaldi horren parte; Danimarkan izandako okupazio alemanaren produktu, nekazari familia batekoa, etxean gizonak agintzen duen eredukoa. Horrek eragina izan zuen nire amarekin izan zuen jarreran». Haurren heziketa guztiz amaren esku (Hannah Gross) uzten duen gizon bat da filmean ageri dena, umeen aurrean ama zapaltzen duena.

Eta, hala ere, urteetara, zaintzeko prest du semea. «Zerbait ondo ere egingo zuen ondoren semeak bera zaintzeko ardura sentitzeko, ez?», galdetu dute kazetarien artetik. «Ez», erantzuna Mortensenek. «Zerbait ondo egin zuena ama izan zen. Bera da niretzat pelikulako ardatz morala. Isilean, bera da niretzat protagonista nagusia». Komunikazioa aldarrikatuz borobildu du: «Errazena halako jarreren aurrean harremana moztea da; zailena, saiatzea. Baina egiten ez bada, ez goaz inora. Gizakiak gara, eta handiagoak izan behar dugu, zentzu guztietan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.