Auto istripua

Emakume bat hil da auto istripu batean, Oñati parean

Kamioi batekin talka egin du GI-2630 errepidean, goizeko zortziak baino lehen. LAB sindikatuaren arabera, lan istripua izan da, hildakoa irakaskuntzako langilea zelako, eta lanera zihoalako.

GI-2630 errepidea, Oñati parean. BERRIA
2020ko irailaren 25a
09:31
Entzun

Emakume bat hil da gidatzen zuen autoaren eta kamioi baten arteko talkaren ondorioz. Gaur goizeko 7:55 baino lehen gertatu da istripua, GI-2630 errepidean, Oñati parean (Gipuzkoa). Kamioiaren gidaria Arrasateko (Gipuzkoa) erietxera eraman dute.

Ertzaintza eta osasun zerbitzuak bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin gidariaren bizia salbatzeko, eta bertan hil da. Errepidea moztuta dago bi norabideetan, eta auto pilaketa gutxi batzuk ere sortu dira.

LAB sindikatuak ohar bat zabaldu du arratsaldean, istripuaren inguruan. Azaldu dutenez, emakumea Oñatiko Zuazola-Larraña BHIko langilea zen, eta eskolara bidean pairatu du istripua. Beraz, ezbeharra lan istriputzat hartu du sindikatuak. «Aurten 48 dira hildako langileak, eta Joaquin Beltranek desagertua jarraitzen du Zaldibarko zabortegian». LABek «elkartasuna eta babesa» helarazi die hildakoaren senide eta lankideei. «Gaur gertatutakoa ez da berria, urtero errepikatzen baitira istripuak in itinere [bidean]. Argi dago administrazio publikoen arduradunek ez dutela langileekiko duten utzikeria gainditu eta langileon baldintzak duintzeko neurririk hartu nahi». Lan istripuak «prekarizazioaren» eta  «behin-behinekotasunaren» emaitza direla nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.