Aurreikuspen ekonomikoak

BPGak %10eko gainbehera izango duela aurrekusi du Eusko Jaurlaritzak

2020rako aurreikuspena 1,4 puntu okertu du Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, baina 2022rako susperraldi hobea aurreikusi du: %8,9.

Pedro Azpiazu, erdian, goizeko agerraldia hasteko prest. IREKIA
xabier martin
2020ko irailaren 25a
10:54
Entzun

Espero zen Eusko Jaurlaritzak aurreikuspen ekonomikoak aldatuko zituela, errealitatea uste baino okerragoa izaten ari baita udako sasoian jarduera ekonomikoari dagokionez ere. Hala, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak jakinarazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomia, bere osotasunean hartuta, %10,1 uzkurtuko dela 2020an. Ekainean %8,7ko gainbehera aurreikusi zuen sailak. Eroriko handiagoa denez, 2021erako espero duten susperraldia ere handiagoa litzateke. %8,9ko hazkundea aurreikusi du Ekonomia Sailak. Ekainean, %6,7ko hazkundea finkatu zuen 2021erako. «Susperraldi handiago hori 2020an izango den eroriko handiagorekin dago lotua» azaldu du Azpiazuk. «Ekonomiarentzat ohiko urte bat aparteko urte batekin alderatzean» ateratzen da susperraldi handiagoa.

Gauzak horrela, Jaurlaritzaren hiru lurraldeak ez dira 2022ra arte itzuliko ekonomiak 2019an zuen mailara. Enpleguaren alorrean antzeko bidea egingo du langabezia tasak. %11,2koa izango da aurtengo bukaeran, eta horrek esan nahi du 30.000 enpleguren galera izango dela, baina 2021erako 15.100 sortuko direla aurreikusi du Ekonomia Sailak, eta horrek %10,7ko tasa utziko luke EAEn. Edonola ere, enpleguaren aurreikuspena 2020rako 2,5 puntu hobetu du Lakuak.

Iragan uztailean, urte arteko tasan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPGa %20,1 apaldu zela jakinarazi zuen Ekonomia Sailak, eta langabezia %19,8; aldagai guztien ikerketa zorrotzago bat egin ondoren, Eustat euskal estatistika institutuak arindu egin ditu datu horiek azken egunetan. BPGari dagokionez, %19,5eko jaitsiera egon da ekainetik ekainera; langabezian, berriz, aldea handiagoa da: %17,2koa. Horiek horrela, BPGa %16,4 jaitsi da bigarren hiruhilekoan, itxialdiaren aroan alegia, eta langabezia tasa %14,3 igo. Ikusteko dago nolako eboluzioa dagoen hirugarren hiruhilekoan, ekainetik irailerako epealdian alegia. Horrek islatuko du zenbatekoa izan den udako susperraldia, edo zenbatekoa izan den udako koronabirus agerraldien zama ekonomia.

Aldi baterako erregulazioak eta kimu berdeak

Jaurlaritzak gaur ezagutarazi duen taula makroekonomikoak uste argi batean du oinarri nagusia: ez da beste konfinamendurik izango. Usteak erdia ustel gertatuko balira aldaketa sakonak egin beharko lituzketela aitortu du Azpiazu sailburuak. «Gure hipotesia hau da: ez da beste konfinamendurik izango. Ez balitz horrela, beste agertoki batean geundeke».

Azpiazuk gogoratu du aldi baterako enplegu erregulazioan 188.500 langile egon zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta abuztu bukaeran 30.000 baino zertxobait gehiago zirela. Ekonomiaren jarduera neurtzen duen termometroak, abuztuan, 35,5eko puntuazioan dagoela esan du, eta oraindik «atzeraldi sendoa» dagoela, baina erakusle horrek lau hilabete egin du hobera, apur bat hobera; hori ere azpimarratu du Azpiazuk. «Zuhurtzia guztiarekin, egoera larria delako, baina badira hainbat erakusle esan digutenak susperraldi ekonomikoa hasi dela». Dena den, azken hamarkadetako zulorik sakonena dela ez du ezkutatu sailburuak, eta aurrera ateratzeko «elkarlana eta denen aliantza irmoak» beharko direla erantsi du.

Datorren urtean susperraldi sendo bat espero dela eta, Azpiazuk, «aholku orokor gisa», enpresei eskatu die «ahalik eta enplegu gutxien suntsitzeko» eta, ahal den neurrian, erabakiak «langileekin kontsentsu handiena lortuz» hartzeko.

Egungo argazkiari erreparatuz, barne kontsumoak %10,8ko jaitsiera izan duela zehaztu du, hori dela zama handiena, baina esportazioek ere behera egin dute. Gastua igo den alor bakarra administrazio publikoarena izan da: %3,8 igo du gastu hori. Sektoreka, industria da gehien sufritzen ari dena, Azpiazuk jesan duenez. %14 gainbehera izan du sektore horren balio erantsiak. Harekin batera, zerbitzuek ere beherakada latza izan dute, %9koa.

Bilketa, bide beretik

Eta nola eragiten ari da hau guztia ogasunen bilketan? Bada, askoz gutxiago ari dira biltzen, ezaguna denez, baina gainbehera ez da %20koa izango 2020ko bukaeran, aurreikuspenak betetzen badira. Izan ere, Urriaren 15ean egingo duten Finantzen Euskal Kontseiluan «zertxobait» hobetuko dute %20ko beherakadaren aurreikuspen hori, Azpiazuk azaldu duenez. Dena den, gainbehera handia izango du bilketak, eta zorpetzera behar bezain beste jo beharko dutela argi esan du berriro sailburuak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.