Larrialdi klimatikoa

Justizia klimatikoaren aldeko mobilizazioak egin dituzte

Justizia klimatikoa krisi guztiak amaiarazteko lelopean, Fridays For Future mugimenduak protestak antolatu ditu hainbat herrialdetan. Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan egin dituzte elkarretaratzeak.

Bilboko protestaren irudi bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko irailaren 25a
13:05
Entzun

Justizia klimatikoa krisi guztiak amaiarazteko: hori zen Fridays For Future gazte mugimendu ekologistakgaurko deitu dituen protestetarako hautatutako leloa; irailaren 25a Klimaren Aldeko Ekintza Globalaren Eguna da, eta mobilizazioak egin dituzte, gutxienez, 24 herrialdetan.

Donostian elkarretaratzea egingo dute 18:00etan, Bilbon ordu erdi geroago, eta Gasteizen eta Iruñean 19:00etan. Hegoaldean, FFFk Alianza por el Climak taldeak 2020: Rebelión por el Clima-rekin batera antolatu ditu mobilizazioak.

«Atzerako kontaketa hasi da» mezua zuen kartoi batekin adierazi du gazte batek, Bilbon, klima larrialdia, eta mobilizazio hauen lelo klasiko bat erakutsi dute pankarta nagusian: «Ez dago B planetarik».

Ekintza deszentralizatuak antolatu dituzte eta «segurtasun neurri oso zorrotzak» errespetatuko zituztela agindu zuten antolatzaileek. Funtsezko elementutzat jo dute protesta, «gaur egungo egoera larria izan arren ez dagoelako konpromisorik larrialdi klimatikoarekiko».

Gipuzkoako FFFk atzo jakinarazi zuen euren deialdiarekin bat egin zutela Larreko Mahaia plataforma ekologistak, Errausketaren Aurkako Mugimenduak, Ernaik, Gipuzkoako Extinction Rebelionek eta Surfriderrek. Ikastetxeetan ez dute greba deialdirik egin aurten, baina haietara mezu bat bidali dute gaur gaiaz hitz egiteko egin ditzaketen jarduerekin.


Berlingo manifestazioaren irudi bat. HAYOUNG JEON / EFE

Milaka gaztek hartu dute parte munduko hiri nagusietan eginiko protestatan, Tokiotik, Berlineraino. Alemaniako hiriburuan bizikleta martxa bat egin dute. Antolatzaileen arabera, 200.000 pertsona atera dira kalera herrialdean. Mugimenduko aktibista famatuena. Greta Thunberg Stockholmeko manifestazioan izan da, Suedian.

Greta Thumberg mugimenduaren sortzailea, gaurko protestan, Suediako hiriburuan.

Lana eta larrialdi klimatikoa

Manifestu bat plazaratu du mugimendu ekologistak, euren protestaren arrazoiak zehatz-mehatz azaltzeko; azaldu dute zergatik den «etorkizuneko borroka» inoiz baino garrantzitsuagoa. Aurtengoa inoizko udarik beroena izan da ipar hemisferioan, eta mugimenduak dio  gizartearen ardatz estruktural batzuk aldatu behar direla tenperatura globala 1,5 gradu baino gutxiago igotzeko.

Arreta jarri dute «larrialdi klimatikoaren aurrean lanak duen funtsezko eginkizunean». Manifestuan aipatzen dituzten ardatz estruktural horietako batzuk dira turismoa, zaintzak eta sektore publikoa: «Pertsonak baztertu eta planeta suntsitzen duen sistema hau alde batera utzi behar dugu, justizia sozial eta klimatikorantz bidali, hala erdigunean kolektibo ahulenak kokatu eta bizitza duin baterako eskubidea bermatzeko».

Gainera, gehitu dute COVID-19ak eragindako krisiak dardara eginarazi diela «kolapsatzeko zorian dagoen» sistema ekonomiko baten oinarriei: «Zerbitzu publikoak prekarizatzen dituen eta desberdintasunak eratzen dituen sistema neoliberal bat da, lurraldearen eta pertsonen esplotazioan oinarritzen dena». FFFren iritziz, koronabirusa ez da krisi sistemiko sakon baten kausa, ondorioa baizik.

Larrialdi klimatikoaren gaiak zeresana eman du azken hilabeteetan —eta emango du aurrerantzean—, eta BERRIAn hainbat kazetarik eta zutabegilek idatzi dute gaiaren adar bati edo besteari buruz: biodibertsitatearen galerari buruz, artikoko izotzen urtzeari buruz, CO2 isuriei buruz eta justizia klimatikoaren aldeko borrokaren erronkei buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.