Enpresak

Castejongo lantegia ixtea erabaki du CAFek

Kalean geratuko direla esan diete Trenasako 118 langileei. Protesta egin dute langileek erabakiaren berri izan ondoren.

Iker Aranburu.
2020ko irailaren 25a
14:49
Entzun

Trenasako langile batzordeak jakinarazi du enpresaren jabeak, Gipuzkoako CAFek, lantegia ixtea erabaki duela. «Azken urteetan izandako galerak» argudiatu ditu enpresak itxiera iragartzeko.

Enpresaren asmoen berri jakin bezain pronto hasi dituzte protestak langileek. 15:00etan manifestazio bat abiatu dute plantaren aurrealdetik, Trenasa ez itxi pankartarekin. Aurretik, errepidea moztu dute minutu batzuk.

«Lotsagabekeria galanta izan da» itxiera iragarpena, salatu du Josema Romeo Nafarroako CCOOko industria idazkariak. Sindikatu horrek bi kide ditu Trenasako enpresa batzordean, eta bestea USOri dagokio. Romeok azaldu duenez, uztailean aldi baterako erregulazio bat negoziatu zuten enpresarekin, urtea amaitu bitartean 45-60 egunez kontratuak eteteko, «eskaerak sar zitezen». CCOOko ordezkariak uste du ez dagoela itxiera justifikatzeko arrazoirik, eta horregatik «oso shock handia» izan da lantaldearentzat.

Oscar Rodriguez LABeko ordezkariak gogorarazi du Nafarroako Gobernuak inbertsio handiak egin dituela Trenasan. Diru hori «ezin da zakarrontzira bota multinazional baten apetarengatik».

Castejongo (Nafarroa) lantegiko langileak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean izan dira azken hilabeteetan, baina, hori amaituta, kontratuak hausteko erregulazio eskaera bat egin du Trenasak. 118 langile ditu enpresak. 2007an inauguratu zuen CAFek Trenasa (Trenes de Navarra SA), trenen muntatze lanak egiteko. Azken urteetan, gainera, autobus hibridoetako eta elektrikoetako txasisak egiten dituzte CAFen beste adar batentzat, Vecitiarentzat.

2018. urtean, CAFek Europako autobus elektrikoen enpresa nagusietako bat erosi zuen, Poloniako Solaris. Orduz gero, bere fakturazioaren gero eta zati handiagoa lortzen ari da atal horretan.

Horren aurretik hasi zen CAF autobus elektrikoen negozioan. Zehazki, 2013an izan zen, Castrosua Galiziako karrozeria enpresarekin batera Vectia sortu zuenean. Enpresa horretan bazkide izan du Nafarroako Gobernua, Sodena sozietatearen bitartez.

Beasaingo konpainia Renferen tren kontratu handi baten lehiaketan ari da parte hartzen, baina kontratu hori galtzeko aukera handiak dituela azaldu die sindikatuei, Berria-k joan den astean aurreratu zuenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.