Frantzia

Bi lagun sastakatu dituzte Parisen, eta Polizia ikertzen ari da ekintza «terrorista» izan den

Erasoa Charlie Hebdo aldizkariaren egoitza izandakoaren ondoan gertatu da. Bi susmagarri atxilotu dituzte.

Polizia eta shiltzaileak Parisko erasoa gertatu den tokian, 'Charlie Hebdo' aldizkariaren bulegoak zeuden eraikinaren ondoan. IAN LANGSDON, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko irailaren 25a
16:13
Entzun

Frantziako Polizia «hilketa saiakera» bat ikertzen ari da Parisen izan den eraso baten harira. Gutxienez bi lagun zauritu dituzte, arma zorrotz batekin sastakatuta. Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren bulegoak zeuden eraikinaren ondoan gertatu da erasoa. Poliziak uste du ekintza «talde terrorista» batekin lotua izan daitekeela, eta hori hala den argitzeko ikerketa bat abiatu du.

Poliziak azaldu duenez, susmagarri bat atxilotu dute hiriburuko Bastille plazan, Paris ekialdean, erasoa gertatu eta gutxira. Bigarren susmagarri bat ere atxilotu dutela adierazi du Jean Castex Frantziako lehen ministroak, erasoa izan den tokira gerturatu denean.

Frantziako hainbat hedabidek azaldu dutenez, zaurituak Premieres Lignes berri agentziako bi ekoizle dira, emakumezko bat eta gizonezko bat, eta kalean zigarro bana erretzen ari ziren erasotzailea hurbildu zaienean. Zauri larriak dituzte biek, baina egonkor daude.

Erasoaren ondoren, segurtasun hesi bat altxa du Poliziak, inguruan pakete susmagarri bat atzeman duela eta. Paketeak lehergailurik ez zuela baieztatu dute. Hala ere, segurtasun neurri zorrotzak hartu dituzte: haur eskolak eta ikastetxeak itxi dituzte, eta suhiltzaileak eta militarrak bertaratu dira.

'Charlie Hebdo'-ren epaiketa

Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako erasoaren epaiketa hasi denetik hiru aste pasatu direnean gertatu da gaurko erasoa; hain justu, aldizkari satirikoaren bulegoak zeuden eraikinaren parean.

Muturreko islamista talde batek Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatu bat egin zuen 2015eko urtarrilean. Hamabi lagun hil zituzten: aldizkariko hamar kazetari —tartean Frantziako marrazkilari ezagunenetakoak—, eta bi polizia. Arabiako Penintsulako Al-Qaedak hartu zuen bere gain erasoa, eta erasoan hil ziren Said eta Txerif Kuatxik talde horretako kide zirela adierazi zuten. Hurrengo bi egunetan beste bi eraso izan ziren, eta bost lagun hil zituzten.

Duela hiru aste, hamalau lagunen kontrako epaiketa hasi zen Parisen. Auzipetuei erasotzaileen laguntzaile izatea leporatzen diete. Epaiketa hasi aurretik, Charlie Hebdo aldizkariak berriro publikatu zituen Mahoma profeta agertzen duten komiki tirak, mundu osoan musulman askoren haserrea piztu zutenak. Al-Qaedak berriro egin zion mehatxu aldizkariari, Mahomaren marrazkiak argitaratzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.