Lan istripua

Loiuko enpresa bateko langile bat hil da Kantabrian

Ostiral arratsaldean zauritu zen, leherketa batean, eta gauean hil zen Gurutzetako ospitalean. Aurten lan istripuan zendutako 48. behargina da.

Lan istripuak salatzeko mobilizazio bat. JUANAN RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko irailaren 26a
18:30
Entzun

Bizkaian bizi zen 34 urteko langile bat hil da, ostiralean Ontonen (Kantabria, Espainia) izan zuen lan istripu baten ondorioz. Gurutzetako Ospitalean zendu zen, gauean. CCOO sindikatuak jakinarazi duenez, Loiun (Bizkaia) egoitza duen Sisteinge enpresan lan egiten zuen, eta azpikontratuta zegoen Ontongo Derivados de Fluor lantegian.

Istripua ostiral arratsaldeko lehen orduan gertatu zen. Leherketa baten ondorioz langileak erredurak izan zituen gorputzean, eta Bizkaiko ospitalera eraman zuten.

Sindikatuen zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian lanean hildako 48. langilea da. Horri gehitu behar zaio Zaldibarko zabortegian harrapatuta geratzen dena, Joaquin Beltran.

Lankideek mobilizazio bat antolatu dute astelehen honetarako Ontonen, enpresaren aurrean, eta hildakoaren familiari lanaldi bateko soldata ematea erabaki dute.

CCOOk ere elkarretaratzea egingo du astelehenean, 11:30ean, Sondikako tren geltokiaren parean. Azpikontratutako langileek bizi duten «prekarietate eta babesgabetasun egoera» salatu du sindikatuak, eta eskatu du gertatutakoaren inguruko ikerketa «zorrotz» bat abiatzeko.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.