Donostiako 68. Zinemaldia

'Dasatskisi' / 'Beginning' filmak irabazi ditu sari nagusiak

Film onenarentzako Urrezko Maskorraz gain, zuzendari eta emakumezko aktore onenarentzako Zilarrezko Maskorrak eskuratu ditu Dea Kulumbegaxvilik zuzendutako lanak, eta baita gidoi onenarentzako saria ere.

mikel lizarralde
2020ko irailaren 26a
21:34
Entzun

Urakan bat bezala sartu zen Dasatskisi / Beginning ekoizpen georgiarra Donostiako 68. Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehiaketan, eta aurretik zuen guztia eramanda atera da bertatik. Dea Kulumbegaxvilik zuzendutako lanak irabazi du film onenari dagokion Urrezko Maskorra, eta baita zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra ere. Gutxitan gertatzen den garaipen bikoitza da Dasatskisi / Beginning-ek lortutakoa; azkeneko aldiz Carlos Vermuten Magical Girl-ek eskuratu zituen Zinemaldiko bi sari nagusiak, 2014an. Baina, horietaz gain, emakumezko aktore onenaren saria ere beretzat izan da (Ia Sukhitaxvili), eta Luca Guadagninok gidatutako epaimahaiak gidoi onenarena ere eman dio. Beraz, lau sari eskuratu ditu film georgiarrak.

Kulumbegaxviliren filma Jehovaren lekukoen komunitate batean dago kokatua, Georgiako herri batean, eta komunitate horren buruaren emaztearen inguruan eratu du zuzendariak pelikula. Isiltasunez eta plano sekuentzia finkoz beteriko filma da, eta asteazkenean aurrenekoz eman zutenean, iritzi kontrajarriak eragin zituen kritikaren artean. Izan ziren maisulantzat jo zutenak, eta baita zinemaldiko kinieletan puntuaziorik apalena eman ziotenak ere.

Gizonezko aktore onenaren saria, berriz, Thomas Vinterbergen Druk filmeko aktore taldearentzat izan da (Mads Mikkelsen, Thomas Bo Larsen, Lars Ranthe eta Magnus Millang), eta Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, Julien Templek zuzendutako Crock of Gold: a Few Rounds with Shane MacGowan dokumentalarentzat.

Azkenik, epaimahaiak Yuta Tsukinaga saritu du Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around filmeko argazkiagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.