AEB-ak

Trumpek 645 euro ordaindu zuen zergetan 2016an eta 2017an, 'The New York Times'-en arabera

AEBetako egunkariak presidenteak azken hogei urteetan isilpean gorde duen informazio fiskala jaso du. Zenbait erakunde kontu horiek ikertzen ari dira.

Donald Trump, Etxe Zurian eman duen prentsaurrekoan. CHRIS KLEPONIS / EFE
Andoni Imaz.
2020ko irailaren 28a
08:20
Entzun

Igandean, The New York Times egunkariak Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen azken hogei urteetako zerga aitorpenak argitaratu ditu, eta adierazi du dagoeneko bete dela ehunka milioi euroko zenbait zor ordaintzeko epea. 2016. urteko hauteskunde kanpainaz geroztik, Trumpek ez ditu bere zerga aitorpenak argitaratu; haren aurretik karguan egon diren guztiek egin izan dute hori.

The New York Times-ek jakinarazi du Trumpek 645 euro ordaindu zuela zerga federaletan 2016an, hauteskundeak irabazi zituen urtean, eta beste 645 euro Etxe Zurian egin zuen lehen urtean. Kopuru hori oso txikia da AEBetako presidenteak higiezinen negozioan ustez egin duen dirutzarekin alderatuta. Forbes aldizkariak iaz argitaratu zuen Trump «ikaragarri aberatsa» dela, eta zenbatetsi zuen haren ondasuna 2.665 milioi eurokoa dela, eta hainbat irabazpidetan duela banatuta.

Atzo argitaratu zuten erreportajearen arabera, agintariak ez du irabazien gaineko zergarik ordaindu azken hamabost urteetatik hamarretan, IRS zergak biltzeko agentziari adierazi baitzion galdua zuela sartutako diru asko.

Gaur egun, egunkariaren arabera, Trumpen finantzak estutzen ari dira, dagoeneko epea bukatu zaien ehunka milioika euroko zorrak dituelako, eta berak ordainduko dituela bermatu baitu.

Presidenteak hamar urte daramatza IRSrekin ika-mikan, agentziak zalantzak agertu izan dituelako Trumpek egin zuen eragiketa bat dela-eta: 62 milioi euro itzultzeko eskatu zion agentziari, eta hark onartu egin zuen, Trumpek galera handiak zituela jakinarazi ziolako. Auzi horrek presidentearen kontrako epai bat izango balu, 86 milioi euro kostatuko litzaioke, The New York Times-en arabera.

Informazio horri erantzunez, Trumpek esan du horiek «albiste faltsuak» direla, Etxe Zurian egin duen agerraldi batean. The New York Times-en kontra jo du, haren gaineko artikulu «kaltegarriak» argitaratzeagatik. Adierazi du IRSk «oso gaizki» tratatzen dutela, eta azaldu du agentzia zergak ikuskatzen ari zaiola: «Guztia argitaratuko dut ikuskapena burutzen dutenean. Haiek haien azterketa ari dira egiten, denbora luzez negoziatu dugu, auzia faltsua da zeharo», esan du.

The New York Times-eko artikuluan, Alan Garten abokatu eta AEBetako Gobernuko kideak adierazi du «gertaera gehienak, edo guztiak, zehaztugabeak» direla, eta egunkariari eskatu dio emateko jatorrizko dokumentuak.

AEBetako Kongresuko demokratak saiatu izan dira Trumpen zergak argitara ateratzen, baina ez dute lortu. Bestalde, Manhattango fiskaltzak presidentearen zerga aitorpena eskatu dio Mazars enpresari, Trumpekin lan egin zuen kontabilitate enpresari, ikertzeko ea kanpainan ezkutuka Stormy Daniels aktoreari ordaindu izanak New York estatuko arauak urratzen dituen.

Egun, hauteskunde kanpaina betean daude AEBetako presidente izateko hautagaiak. Oraingoz, inkesta gehienetan Trumpen aurretik doa Joe Biden Alderdi Demokratako kide eta AEBetako presidenteordea, baina lehia estua izango dutela espero dute. Bihar egingo dute hauteskundeetako lehen debatea, Clevelandeko Unibertsitatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.