Lan gatazkak

Trenasako langileek greba mugagabea egingo dute

CAF jabeari presio egiteko eskatu dio CCOOk Nafarroako Gobernuari.

Iker Aranburu.
2020ko irailaren 28a
12:47
Entzun

Langileen batzarra egin dute gaur goizean Trenasako langileek, Castejongo plantan (Nafarroa). Hor erabaki dute ostiraletik aurrera greba mugagabe bat egitea enpresaren itxiera salatzeko. Joan den ostiralean jakinarazi zien zuzendaritzak fabrika itxiko zutela eta kalean geratuko zirela han aritzen diren 118 langileak.

Enpresa ez ixteko eta «Beasainen bezala neurri malguak hartzeko» eskatu dio CCOOk CAFeko buruzagitzari. Halako neurrien aldeko presioa egiteko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Gogorarazi duenez, Nafarroako Gobernuak, Sodena sozietatearen bitartez, sei milioi euro sartu zituen Trenasan 2019. urtean; besteak beste, autobus elektrikoen ekoizpenean hasteko. Trenasako langile batzordeak hiru kide ditu, eta horietako bi dira CCOOkoak eta beste bat USOkoa.

CCOOren arabera, «autobusen ekoizpenaren lekutzea» dago Trenasa ixtearen atzean. Izan ere, CAF Vectia enpresaren bitartez sartu zen autobus elektrikoen sektorean, baina 2018an Poloniako Solaris erosi zuen —Europako autobus elektrikoen ekoizle nagusia—, eta haren aldeko apustua egin du.

Parlamentuaren babesa

Trenasa ixteko iragarpena Nafarroako Parlamentura iritsi da gaur goizean. Bozeramaileen mahaian, itxieraren aurkako bi proposamen onartu dituzte, bata Navarra Sumak aurkeztutakoa, eta besteak Ezkerrak. Horien bitartez, esku hartzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari.

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.