«Ulertezina», «neurriz kanpokoa» eta «ustela»

Berehala hedatu dira ordezkari politikoen eta eragileen erreakzioak. Bideoanalisia: Arantxa Elizegi Egilegor, BERRIAko 'Mundua' saileko koordinatzailea.

2020ko irailaren 28a
14:02
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak urte eta erdirako inhabilitatu du Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidentea. PDeCAT alderdiak ezohiko batzar batera deitu du erabakiaz hitz egiteko, eta hainbat alderditako ordezkari politikoak hasiak dira haien iritziak zabaltzen sare sozialetan.

Moncloak adierazi du errespetatu egiten dituela epaileen esanak, eta Espainiako Gobernuko kide batek ere ez du iritzia eman Torraren inhabilitazioaren gainean hura jakinarazi dutenetik. Aurretik, Manuel Castells Unibertsitate ministroak adierazi du «gehiegizkoa» litzatekeela pankarta batengatik inhabilitatzea.

Isabel Elbal Torraren abokatuak adierazi du auzitegiak ez diela sententziaren berri eman. «Ez dakigu zer helburu duen epaia filtratzeak kaltetuak eta haren abokatuek ziurtasunik izan aurretik», idatzi du Twitterren.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea: «Sistema demokratiko bati ez dagokio Generalitateko presidentea inhabilitatzea adierazpen askatasunerako eskubidea erabiltzeagatik. Errepresioak ez du deuseztatuko herri honen gehiengoaren nahia».

Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidente kargugabetua: «Koroatik epaileetara, Estatu ustel batek jarraitzen du erabakitzen katalanen izenean. Beste behin, Espainiak esku hartu du gure instituzio demokratikoetan. Kargugabetzez kargugabetze, errepublikara arte».

Jessica Albiach En Comu Podem taldearen presidentea Kataluniako Parlamentuan: «Torra presidentearen inhabilitazioa neurriz kanpokoa da, galdutako legealdi baten amaiera ezin okerragoa. Inoiz ez genukeen egoera honetara iritsi behar».

Ines Arrimadas Ciudadanos alderdiko presidentea eta Espainiako Kongresuko diputatua: «Espazio publikoak guztionak dira, eta agintari politiko batek ezin ditu legeak urratu propaganda separatistarekin betetzeko».

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia: «Gaur inoiz baino gehiago, endavant Catalunya! Errepresioaren aurrean, demokrazia gehiago. Nire elkartasuna Torra presidentarekiko. Herriak aukeratu zuen eta soilik herriari dagokio epaitzea».

Jon Inarritu EH Bilduren diputatua Espainiako Kongresuan: «Ulertzekoa da Auzitegi Goreneko bigarren aretoa kontrolatzen dutenek justiziaz hitz egitea. Ulertezina dena zera da, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren blokeoaz protesta egiten duten horiek pentsatzea gezur hau bidezkoa dela. Lawfare nabarmena».

Oriol Junqueras ERCko presidentea eta Kataluniako Gobernuko presidenteorde espetxeratua: «Gorenaren eta Espainiako Estatuaren beste eraso bat demokraziaren eta Kataluniako instituzioen aurka. Independentismoaren kontrako errepresioak ez du etenik. Amnistia, autodeterminazioa eta Kataluniako Errepublika».

Sergi Sabria ERC taldearen presidentea Kataluniako Parlamentuan: «Gorena bueltan da. Estatua bueltan da. Gaur Quim Torra presidentearen kontra eta egunero demokraziaren kontra».

Ada Colau Bartzelonako alkatea: «Justiziako goi karguen politizazioak gatazkak areagotzen ditu. Torra presidentea pankarta batengatik inhabilitatzea zentzugabekeria bat da, desadostasunak desadostasun».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.