Autonomoak

Madrilek autonomoentzako laguntzak luzatuko ditu urtarrilaren 31 arte

Autonomoen elkarte nagusiek eta Espainiako Gobernuak akordioa egin dute jarduera eteteagatik dagoen lansaria luzatzeko.

IÑIGO URIZ / FOKU. TABERNAK ITXITA IRUñEKO ALDE ZAHARREAN.
xabier martin
2020ko irailaren 28a
15:12
Entzun

Espainiako ATA langile autonomoen elkarteko presidente Lorenzo Amorrek jakinarazi du akordioa lortu dutela Espainiako Gobernuarekin autonomentzako laguntzak luza daitezen urtarrilaren 31ra arte. Amorren arabera, jarduera eteteagatik Madrilek onartua duen lansaria jasotzeko aukera beste lau hilabete luzatuko da; gobernuak bihar bertan onartuko du legea Ministro Kontseiluan. «Azken idatziaren zain gaude, baina laguntza handitu egin da, eta autonomoen artean inor atzean ez uzteko itun bat da», esan du autonomoen erakundearen presidenteak.

Sasoikako autonomoentzako laguntza berri bat onartuko du Espainiako Gobernuak, ATA autonomoen elkartearen arabera. Horrez gain, arrazoi administratiboak edo antzekoak tarteko direla, jarduera eteteagatik aparteko lansaria eskatzeko eskubidea izango dute autonomoek, urtarrilaren 31 arte, betiere orain arteko baldintzak betez gero. Bestalde, ohiko lansaria eskatzeko aukera ere luzatuko dute.

Jarduera utzi behar izateagatik, kotizazio oinarriaren %50 jasoko dute autonomoek; pandemiaren lehen olatuan %70erainokoa jaso zezaketen. Kotizazioa pagatzetik libre utziko dituzte, nolanahi ere. Aparteko laguntza hori eskatzeko, jardueraren %75 behintzat utzita beharko dute autonomoek, edo negozioa itxita. Tarifa laua dutenek eskatu ahal izango dute, baita Gizarte Segurantzan urtebete baino gutxiago izena emanda daudenek ere. Dena den, datozen hilabeteetan beren diru sarrerak gutxieneko soldata ez gainditzea izango dute beste baldintza laguntza hori eskuratzeko.

Beste autonomo guztiek ohiko lansaria eskatu ahal izango dute urtarrilaren 31 arte. Uztailaren 1ean martxan jarri denetik lansari hori lortu dutenei automatikoki luzatuko zaie, eta eskatzaile berriek erakutsi beharko dute jardueraren %75 behintzat galdu dutela iazko hiruhileko berarekin alderatuta.

Sasoikako autonomentzat lau hilabeteko laguntza egongo da, bestalde; eskatuko zaie martxotik maiatzera Gizarte Segurantzan izena eman gabe egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.