Lan araudia

Patronalak ere onartu ditu aldi baterako enplegu erregulazio berrituak

Espainiako Gobernuak gaurko bileran onartuko du aldi baterako enplegu erregulazioak luzatzea.

Yolanda Diaz Espainiak Lan ministroa, Antonio Garamendi CEOEko buruarekin. MARISCAL / EFE
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 29a
11:41
Entzun

Atzo gauean lortu ez zuena lortu du gaur goizean Espainiako Gobernuak: patronalaren oniritzia aldi baterako enplegu erregulazioen luzapenaren baldintzen inguruan. Azken asteotako negoziazioen ondoren, CCOO eta UGT sindikatuen akordioa ziurtatu zuen atzo. Horrenbestez, gaurko ministroen kontseiluan onartuko duten dekretuak Espainiako gizarte eragile nagusien babesa izango du.

«Goizeko lehen orduetara arte iraun duen eztabaida luze baten ondoren» hartu du erabakia CEOEk. Haren asmoa zen enpresa guzti-guztiek eskatu ahal izatea koronabirusari lotutako aldi baterako erregulazioak beren langileentzat, baina gobernuaren ezezkoarekin egin dute topo. Horren ondorioz, urriaren 1etik aurrera, sektoreen araberako baldintzak izango dituzte erregulazio horiek.

«Barra librea» eragotzi nahi zuen Madrilek, hau da, enpresek araudi berezia baliatzea koronabirusarekin lotura ez duten arrazoiengatik lan kostu batzuk diru publikoaren kontura jartzea. Horregatik, lana aldi baterako erregulatzeko txostenak pandemiari lotuta soilik eskatu ahal izango dituzte zerrenda batean dauden sektoreetako enpresek. Gizarte Segurantzaren kotizazioetan deskontuak izango dituzte enpresa horiek, %85koak eta %75ekoak, 50 langiletik gorakoak edo beherakoak diren, horren arabera. Urrirako eta azarorako izango dira deskontu horiek; abenduan eta 2021eko urtarrilean, berriz, %60koak eta %50ekoak lirateke deskontuak.

Aukerak besteentzat ere

Baina izango dira, era berean, enpresa guztientzat diseinatutako erregulazioak ere, edozein dela ere enpresaren jarduera: agerraldiekin lotutakoak. Eremu batean muga jakinak agintzen badituzte jarduera jakin batzuetan, enpresek agerraldietako erregulazioak eskatu ahal izango dituzte. Uztailaren 1etik, dosier berezi horietara jo dezakete enpresek, goi aginduz itxi behar izan badute enpresa; aurrerantzean nahikoa izango da mugak edukitzea, adibidez tabernek ezin zerbitzatzea barran.

Hego Euskal Herrian, 30.000 langile inguru geratzen dira oraindik erregulazioetan, baina 230.000tik gora egon ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.