Eskubaloia

Bidasoa Europatik kanpo geratu da

Galdu egin du Kroaziako Nexeren aurka (29-24), eta ez da ariko Europako Ligako multzoen fasean. Joaneko partidako hiru golen aldeak ez dio ezertarako balio izan.

jarraia187596.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 29a
20:00
Entzun

Bidasoa ez da ariko Europako Ligako multzoen fasean. Kroaziako Nexe taldeak kaleratu egin du. Itzuliko partidan 29-24 galdu du, eta joaneko partidan lortu zuen hiru golen aldeak ez dio balio izan. Hortaz, bigarren kanporaketan geratu da Europatik kanpo.

Partida hasiera ikusita, ez zuen ematen horrelako emaitza eta bilakaera izango zituenik kanporaketak. Izan ere, 1-6 aurreratu da zazpigarren minutuan. Gol guztiak Kauldik egin ditu. Ez dio asko iraun pozak, ordea; berehala berdindu dute partida etxekoek, hemeretzigarren minutuan zortzina berdinduta zeudelako. 20. minutuan jarri da aurrenekoz aurretik Nexe, eta Bidasoak ez du gehiago aurrea hartu. 28. minutuan lortu du etxeko taldeak kanporaketan aurretik jartzea aurreneko aldiz, 12-9koarekin. Atsedenaldira 13-11 joan dira.

Lehen zati horretan, oso garbi geratu da Nexeren indargunea non dagoen: Kevic erdikoaren eta piboteen arteko loturan. Bidasoaren partida hasiera ona izan bada, Ledo atezainak bereak eta bi geratu dituelako ere izan da. Baita Nexeren jaurtiketa bat baino gehiago zutoinak edota langak urruntzeagatik ere. Aldiz, Bidasoaren eraginkortasuna sekulakoa ari zen izaten. Kontua da Bidasoak bost goleko aldea izanagatik ere, hasieratik ibili dela etxekoen baliabide nagusia geratu ezinda. Nexe atearen aurrean asmatzen hasi denean (tartean, trantsizioan egindako gol erraz batzuk ere izan dira), eta Bidasoa erasoan aukerak sortzen bai baina kale egiten hasi denean, emaitza etxekoen aldera joan da.

Bigarren zatiaren hasierak ez ditu gauzak aldatu. 5-0 partziala sartu dio Nexek Bidasoari, eta 18-13 aurreratu da. 11. minutuan izan du azken emaitzaren aurretik bost golen aldea azkenekoz (21-16). Bidasoa erasoan asmatu ezinda zebilen, eta atzean ere gehiago galdu du indarra. Hala ere, pixkanaka, gerturatuz joan da, eta Sierra atezainaren gelditu batzuen laguntzarekin, berdindu ere egin du (22-22). Hamar minutu geratzen ziren. Baina berriz itzali zaizkio argiak. Erasoan aukerak sortu bai, baina Radovanovic atezainaren lan bikainak ateak itxi dizkio. Zazpi minuturen faltan, 25-22 jarri dira, baita 27-24 ere minutu baten faltan. Baina Rodinek sartu ditu azkeneko bi golak etxekoentzat, Bidasoaren aukerak urriak zirenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.