Kontu publikoak

Madrilekin akordioa lortuta, zorpetzeko eskubidea izango dute foru aldundiek

Espainiako Gobernuak bi urtez eten ditu gastu publikoa murrizteko arauak, eta aukera eman die udalei bankuetan dituzten soberakinak 2021 arte erabiltzeko

Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren bilera, gaur, Gasteizen. ASIER BASTIDA / IREKIA
Iker Aranburu.
2020ko irailaren 30a
11:28
Entzun

Foru aldundien eta udalen gastatzeko gaitasuna estutzen zuen gerrikoa askatu du Espainiako Gobernuak. Diputazioen tratamendua aldatuko du: ez ditu aurrerantzean tokiko erakunde gisa hartuko eta eskubidea eman die defizita izan eta hori estaltzeko zorpetze publikora jotzeko.

Udalei dagokienez, defizita izateko baimenik ez eta aurreko urteetan soberakinak pilatu dituztenei diru hori aurten eta datorren urtean gastatzeko aukera emango die. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal batzuek zorpetzeko aukera izango dute koronabirusak eragindako kalteak konpentsatzeko, hiru diputazioek iragarri baitute beren defizitaren zati bat haien esku utziko dutela.

«Balio handikoa», «giltzarria», «Kontzertu Ekonomikoari emandako bultzada»... Poza ezkutatu ezinean aritu zen atzo Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburua, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren ondorengo agerraldian. Negoziazio «sakonen» ondoren, batzorde horretan lotu zuten aldundien zorpetzeari buruzko akordioa. Nabarmendu zuenez, «lehen aldiz» lortu dute foru aldundiek zorpetzeko eskubidea, eta pandemiak eragindako egoera berezia igarotzen denean ere eutsi ahal izango diote.

Hiru lurraldeetako BPGaren %0,9 adinako defizit batekin estreinatuko dute gaitasun hori. Kopuru zehatzetan, 595 milioiren defizita pilatu ahal izango dute eta zorpetzearen bidez estali. Hiruren artean banatu beharreko kopuru bat da hori: 300 milioi euro inguru Bizkaiko Aldundiak, 200 milioi Gipuzkoak eta 90 milioitik gora  Arabak. Antzeko kopuruak 2021ean ere: %0,8ko defizita, 588 milioi euro. Diru asko da hori aldundientzat, beren aurrekontu propioen %15etik gora: Bizkaiak,  1.283 milioiren aurrekontu proiektua aurkeztu zuen 2020rako, 915 milioirena Gipuzkoak eta 518 milioirena Arabak.

Berez, defizit kopuru horiek ez dira muga zorrotz-zorrotzak izango, erreferentziazko tasak baizik. Izan ere, Europako Batzordeak EBko kideekin egin duen bezala, Espainiako Gobernuak ere gastu publikoaren gaineko mugak lausotzea erabaki du bere menpeko erakundeekin. «Administrazio guztiei gaitasuna eman nahi diegu baliabide guztiak jartzeko herritarren zerbitzura», azaldu zuen Maria Jesus Montero Ogasun ministroak.

%2,6ko erreferentzia

Montero erkidego autonomoekin bilduko da astelehenean, eta orduan aurkeztuko dizkie erreferentzia tasak. Dagoeneko bereak badituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: BPGaren %2,6. Gasteizko gobernuaren kasuan, horrek esan nahi du 1.716 milioiren defizita pilatu ahal izango duela aurten, eta 1.617 milioirena datorren urtean (%2,2).

Krisiak okerrera egiten badu eta gobernuaren beharrak ugaritzen badira kopuru hori handitzeko aukera dagoela onartu du Azpiazuk, baina betetzen saiatuko direla ere esan du:«Erantzukizunez jokatuko dugu». Izan ere,  krisiaren okerrena igarotzen denean itzul daitezke kontu publikoak orekatzeko aginduak, eta orain zulo handia egiteak urte gutxi barru ahalegin handiak egitea ekar dezake. «Arrazoizko aurrekontuak» egiteko eskatu die Monterok administrazioei.

%2,6ko defizita buruan dutela egingo ditu Jaurlaritzak bere ­aurrekontuak. Iazko soberakinekin, Espainiako Gobernuaren Covid Funtsetik jasotakoarekin eta baimendutako zorpetzearekin zerga bilketaren erorikoaren «zati oso garrantzitsu bat» estaltzeko gai izango direla azaldu du sailburuak. Urriaren 15ean bilduko da Finantzen Euskal Kontseilua,  aurtengo eta datorren urteko zerga bilketaren aurreikuspenak egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.