8,7 milioi euro jarriko dituzte turismo eta merkataritza bonuetarako

Bost, hamar eta hogei euroko ia milioi bat bonu jarriko dituzte eskuragarri, urriaren 28tik aurrera. 26 milioi euro mobilizatzea espero dute.

jarraia187640.jpg
Iosu Alberdi.
2020ko irailaren 30a
12:30
Entzun

Euskadi Turismo Bonua eta Euskadi Bonudenda aurkeztu dituzte Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek, eta hiru lurralde horietako hiriburuetako udalek, enpresa txiki eta ertainei «lagundu» eta kontsumoa «aktibatzeko» asmoz. Denera, 8,7 milioi euroko inbertsioa egingo dute; bost milioi euro saltokietara bideratuta, eta 3,7 milioi turismora. Horri esker 26 milioi euro mobilizatzea espero dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hemezortzi urtetik gorako edonork erabili ahal izango ditu, eta, turismo bonuen kasuan, baita lurralde horietatik kanpo bizi direnek ere.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok eman ditu bonuen inguruko xehetasunak. Ia milioi bat bonu jarriko dituzte kontsumitzaileen eskura, 466.250 ostalaritzarako eta 500.000 merkataritzarako. Azken horiek hamar euroko balioa izango dute, eta gutxienez 30 euroko erosketa bat egin beharko da erabili ahal izateko. Erabiltzaile bakoitzak, gainera, lau bonu erabili ahal izango ditu gehienez, hau da, 40 euroko deskontua.

Turismorako eta ostalaritzarako bonuen kasuan, berriz, hiru modalitate daude. Lehen biak ostalaritzara, jatetxeetara eta turismo intereseko jarduerei lotutako enpresetara bideratuta daude. Bost eta hamar eurokoak izango dira. Lehena erabiltzeko, ezinbestekoa izango da gutxienez hogei euroko erosketa bat egitea, eta bigarrenen kasuan, berriz, 40 eurokoa. Hirugarren modalitateko bonuak turismo alorreko ostatuetan erabili ahal izango dira. Horiek hogei euroko balioa izango dute, gutxienez 60 euroko erosketetan erabiltzeko. Ezingo dira, ordea, establezimendu berean bi bonu baino gehiago gastatu, eta gehienez 40 euroko deskontua baliatu dezake pertsona bakoitzak.

Bonuak ez dira fisikoak izango, saltokian nortasun agiria erakustea nahikoa izango da-eta gehienezko kopurua bete ez dela ziurtatzeko.
Agindua urriaren 5ean argitaratuko da, eta parte hartu nahi duten enpresek urriaren 6tik 27ra bitarteko epea izango dute izen emateko. Hala, kontsumitzaileek hilaren 28tik aurrera eskuratu ahal izango dituzte bonuak. Arabako diputatuorde nagusi Cristina Gonzalezen arabera, kanpainaren helburua udaren eta Gabonen arteko epean kontsumoa sustatzea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.