Turismoa

Hotelek diote negutik negura igaroko direla

Lau hilabete baino gehiago itxita egon ondoren, udako sasoia okupazio erdiarekin egin dute Gipuzkoako hotelek, eta berriro «negu latza» datorkiela ohartarazi dute. Urtea galera handiekin amaituko dutela aurreikusi dute.

Bi langile Maria Cristina Hoteleko srrera garbitzen, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2020ko irailaren 30a
12:38
Entzun

Gipuzkoan, batez besteko okupazioa erdia baino gutxiagokoa izan da urte osoko eskari handieneko garaian. Horiek horrela, inoizko negurik okerrena espero dute hotelek. Kasu batzuetan, gainera, behin betiko edo aldi baterako itxi ala ez eztabaidatzen ari dira. Horrela jakinarazi gaur Adegi patronalaren sektore horretako alorrak. «Ezinezkoa da uda bateko okupazioaren joera ebaluatzea hotelak gutxienez lau hilabetez itxita egon diren urte bateko testuingurua kontuan hartu gabe», azaldu du Adegik.

Uztailean, hoteletako okupazioak jasandako jaitsiera handia arindu egin zen nolabait, batik bat Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako turismoaren egonaldi laburren eraginez. Frantziako turistek ere egin zuten beren ekarpen txikia. Baina diru sarrerek behea jo zuten, «besteak beste tarifen murrizketa handiak bultzatuta».

Abuztuan, berriz, Frantziako turismoak eta gertuko turismoak are jaitsiera handiagoa saihestu zuten okupazioari dagoionez. Hala ere, okupazioa % 60koa baino txikiagoa izan da; beste modu batera esanda: 1992tik abuzturik okerra izan da. Gauza bera gertatu da prezioekin. Hala, diru sarrerak % 50 inguru gutxitu dira joan den urteko datuekin alderatuta.

Alderaketak egiten hasita, Adegik beste datu esanguratsu bat eman du aurtengo porrotari neurria hartzeko. 2015. eta 2018. urteen artean, hotelen fakturazio osoaren %68 egina zuten, batez beste, urteko lehen zortzi hilabeteetan. Aurten, Gipuzkoan erregistratutako ostatu zerbitzuen batez besteko fakturazioa iazkoa baino %52 txikiagoa izan da, eta aurreko bost urteetako batez bestekoa baino %45 apalagoa.

Hotelen ekarpen ekonomikoa eta eskera zehatzak

Gipuzkoako Hotelen Elkarteak gogorarazi du sektoreak ekarpen handia egiten diola lurraldeko ekonomiarekin lotutako enplegu egonkorrari. Langileen batez besteko antzinatasuna hamar urtekoa dela dio, eta hamabi urte eta erdikoa soilik bost urte baino gehiagoko negozioak kontuan hartzen badira. Gainera, «beste jarduera batzuk erakartzeko duten gaitasuna» oso handia dela adierazi du: ostalaritza, merkataritza, baliabide turistikoak, garraioa...

Era berean, Gipuzkoako Hotelen Elkarteak egindako kalkuluen arabera, Gipuzkoan egiten duten zerga ekarpena 75 milioi euro baino gehiagokoa da urtero. Lotarako gau guztien % 60 inguru Donostian egiten direla kontuan hartuta, Donostiako hotelen ekarpena 45 milioi euro ingurukoa litzateke.

Zergarik ez pagatzeko plan bat nahi dute

Hori dela eta, administrazioei neurri jakin batzuk har ditzatela eskatu nahi die Adegiren sektoreko adarrak: COVID-19a kontuan hartuta programa daitezkeen ekitaldien egutegia mantentzea nahi du elkarteak, «eta bisitariak erakartzeko elementu berriak zehaztea»; horiek horrela, laguntza dei argia egin dute hotelek: «Enpresek iraun ahal izateko, zerga, lan eta finantza arloko neurri zehatzak eskatzen dizkiete administrazioei, bere eskumenen barruan».

Alegia, babes abeharko duten epealdian —2021eko apirila arte zehaztu dute— ordainketa eta zerga mota klase guztien salbuespeneko, hobaria emateko eta atzeratzeko neurriak jasotzen dituen «plan espezifiko bat» nahi dute. Horrek Espainiako Estatuko, EAEko eta tokiko zerga guztiak jaso beharko lituzke: «Zaborraren tasa, ondasun higiezinen gaineko zerga eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga». Plan horren barruan sozietateen gaineko zergaren ordainketa atzeratzea ere eskatu dute, baita turismoaren balio kateko jarduera guztietarako BEZ murriztua ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.