TXIRRINDULARITZA

Bakarrik dago gailurrean

Anna van der Breggenek garaipen bolada ikusgarriari segida eman dio, Fleche Wallonne seigarrenez jarraian irabazita. Marc Hirschi nagusitasunez gailendu da, estreinakoz

Anna van der Breggen, nagusi, Fleche Wallone klasikoan. FLECHE WALLONNE
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 30a
17:00
Entzun

Ez dago Anna van der Breggeni (Boels Dolmans) aurre egingo dionik. Ikusgarri dabil txirrindulari herbeheretarra. Italiako Giroa, eta erlojupeko eta errepideko Munduko Txapelketa irabazi eta gero, Fleche Wallonne klasikoan nagusitu da gaur. Hura izan da indartsuena berriz ere Huyko horman. Berriz ere, seigarren aldiz jarraian gailendu baita. Hori eginda, bakarrik geratu da probaren garaipen zerrendaren buruan, gaur arte, Marianne Vos herrikidearekin (CCC) eta Alejandro Valverde espainiarrarekin (Movistar) baitzegoen berdinduta, bost garaipenekin.

Fleche Wallonne irabazita, Van der Breggenek jarraipena eman dio garaipen bolada ikusgarriari. Duela hamar egun eskas, bigarrenez irabazi zuen Giroa. Annemiek van Vleuten (Mitchelton) haren herrikideak esku-eskura zuen garaipena, baina amaitzeko bi etapa falta zirela erori egin zen, eta lasterketa utzi zuen. Haren galbidea Van der Breggenen onbidea izan zen. Gauza bera pasatu zitzaion astebete eskas geroago, Imolan (Italia), Munduko Txapelketan. Chloe Dygert estatubatuarra zuzen-zuzen zihoan erlojupekoan urrezko domina irabaztera, baina erori egin zen, eta hori etekina atera zion Van der Breggenek. Bi egun geroago erakutsi zuen aurkarien huts edo zorigaiztorik gabe ere irabaz dezakeela: nagusitasunez gailendu zen errepidekoan.

Eta beste horrenbeste egin du gaur. Espero zen bezala, Huyko aldapa pikoak epaile lanak egin ditu. Malda tentetu eta gutxira, aurrean jarri da Van der Breggen, eta erritmoa estutu du. Berehala hasi dira aurkariak atzean geratzen, tartean haren arerio nagusia, Vos. Bi txirrindularik bakarrik eutsi diote, Cecilie Uttrup Ludwigek (FDJ) eta Demi Volleringek (Parkhotel- Valkenburg), baina Van der Breggenek azken eraso bat zuen gordeta; ehun metro falta zirela jo du, eta bakar-bakarrik helmugaratu da. Ortzadar maillotak euripean luzitu du.

Van der Breggenek bezala, Marc Hirschek (Sunweb) ere bolada bikaina darama. Frantziako Tourrean etapa bat, eta Munduko Txapelketako errepidekoan brontzezko domina irabazi ondoren, indartsuena izan da gaur Huyko horman. 22 urte besterik ez ditu, eta etorkizun handia. Belaunaldi berriko beste ale bikainetako bat da. Zeresana emango du.

Gaur, aise gailendu da. Elkarrekin iritsi dira txirrindulari nagusiak Huyra, nahiz eta Mauri Vansevenant (Deceunick) gogotik saiatu den ezustea ematen: ia 200 kilometro egin ditu ihesean, eta hiru kilometro falta zirela harrapatu dute, bihurgune batean erori eta gero. Azken aldapan, Michael Woods (Education First) izan da lehena erasoa jotzen, 150 metro falta zirela, baina Hirschik erraz eutsi dio, eta azken metroetan aurrea hartu dio. Benoit Cosnefroy (Ag2r) sailkatu da azkenean, bigarren, eta Woods, hirugarren. Gorka Izagirre (Astana) izan da lehen euskal herritarra, 23. postuan, hemezortzi segundora. Mikel Landa (Bahrain), berriz, atzean geratu da Huyra iritsi aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.