EIBAR 0-1 ELX

Ezin zalantzak uxatu

Eibarrek galdu egin du Ipuruan, Elx igo berriaren aurka. Etxekoak aurkaria baino gehiago izan dira, baina ez dute asmatu aurrean. Bisitariek, ordea, aukera ia bakarrean sartu dute gola. Expositok berdinketa izan zitekeen penalti bat huts egin du. 

Pedro Leon, Elxeko jokalari batekin lehian. RAUL BOGAJO / FOKU
Julen Etxeberria.
2020ko irailaren 30a
23:29
Entzun

Bidea zuzendu ezinik segitzen du Eibarrek. Lau jardunaldi jokatu ditu, eta puntu bakarra eskuratu du, estreinakoan Ipuruan Celtarekin berdinduta lortutakoa, hain zuzen ere. Galdu egin ditu jarraian jokatu dituen hiru partidak; azkena, gaur, Ipuruan, Elxen aurka. 

Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldea aurkaria baino gehiago izan da, baina ez du nagusitasun hori gol bat sartuta indartu, eta garesti ordaindu du. Mendilibarrek ohartarazi zuen Elx talde igo berria izanagatik ere eta lehen partida galdu izanagatik ere aurkari "zaila" zela. Eta bisitariek arrazoia eman diote. Ez dute partida ikusgarririk egin, baina bai oso serioa, batez ere defentsako lanean: ez dute huts bakar bat ere egin. Atzean sendo, eta aurrean eraginkor. Izan ere, izan duten ia aukera bakarrean gola sartu dute. Lucas Boyek egin du, 37. minutuan. Eibarrek aukera garbia izan du partida berdintzeko bigarren zatian, baina Edu Expositok penaltia huts egin du 50. minutuan. Erdilariak kanpora bidali du baloia. Gero, arriskua sortu dute etxekoek, baina ez dira gai izan aukera garbiren bat sortzeko. 

Eibartarrek suspertu beharra dute, denboraldi hasierako zalantzak uxatzeko. Aurreko denboraldian sei partida jokatu behar izan zituzten lehen garaipena lortzeko. Ez dute horrenbeste itxaron nahi. Larunbatean bertan lortu dute nahi dute lehena, Valladoliden (Espainia).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.