Bakearen Nobel saria

IPBES Bakearen Nobel sarirako izendatu dutela zabaldu dute

Hala, gobernu arteko plataforma horrek munduko biodibertsitatea babesteko politiken alde egin duen lana aitortuko lukete. Datorren astean jakinaraziko dute nor den saritua.

Unai Pascual ikertzailea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2020ko urriaren 1a
10:49
Entzun

Zenbait hedabidek zabaldu dutenez, Nobelaren Norvegiako Batzarrak Bakearen Nobel sarirako izendatu du IPBES Bioaniztasunari eta Ekosistemen Zerbitzuei Buruzko Plataforma Gobernu Artekoa, «munduko bakeari eta garapenari egindako ekarpen izugarriarengatik». Plataforma horretako koordinatzaileetako bat da Unai Pascual ikertzailea.

Plataformak ohar batean azaldu du hedabideen bidez izan dutela izendapenaren berri, akademiaren hautaketa prozesua isilpekoa delako, eta ez dutelako hautatzaileen mezurik jaso. Hilaren 9an adieraziko dute nori eman dioten 2020ko Bakearen Nobel saria.

Izendapenak berak «biodibertsitatearen gaineko ezagutzaren eta zientziaren garrantzia» aitortuko luke, IPBESen esanetan. «Esan nahi luke gure bakeak eta segurtasunak harreman zuzena duela naturak gizakioi egin dizkigun ekarpenekin. Egungo egoera ere esanguratsua da, osasun krisi globalean ere eragin zuzena baitu naturarekin dugun harremanak okerrera egin izanak», adierazi dute.

Nazio Batuen Erakundea biodibertsitateari buruzko batzar bat egiten ari da, eta datorren urtean hasiko dituzte negoziazioak 2030. urterako biodibertsitatearen eremuan hartu beharreko neurriak ezartzeko. Horren guztiaren garrantzia nabarmendu du plataformak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.