Negoziazio kolektiboa

ELA prest dago Gipuzkoako metalgintzan «akordio historiko bat sinatzeko»

Gipuzkoako hitzarmen kolektiborik garrantzitsuena lortzeko bidean, bihar dute hurrengo bilera sindikatuek eta Adegik. ELAk onartu egin du patronalaren azken proposamena, eta ordezkaritzaren ia erdia dauka. LABen ustez, berriz, ELAk arriskuan jarri du hitzarmenaren negoziazioa.

ELAko arduradunak gaur, akordiorako prest daudela azaltzeko prentsaurrekoan. BERRIA
xabier martin
2020ko urriaren 1a
11:00
Entzun

Pandemiaren atarian izan zuten sindikatuek eta Adegi patronalak Gipuzkoako metalgintzaren lan hitzarmena berritzeko lehen bilera. Negoziazioak hasiko zirela ofialtzeko baizik ez zen izan lehen kontaktu hura, otsailaren amaieran. Udaz geroztik hasi dira berriz aldeen arteko negoziazioak, betiere Bizkaiko metalgintzan lortutako akordioaren itzalpean. Eta, itxura guztien arabera, egia izango da aurki urte askoan itunik gabe egon den sektore horrek hitzarmena izango duela, ELAk Adegiren azken proposamena onartu baitu. «Akordio historiko bat» egiteko prest dagoela azaldu du, eta sindikatuen artean lehen indarra da, ordezkaritzaren ia %49 baitu.

Adosteko bidean dagoen akordioen inguruko hobekuntzak azaldu ditu Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak. «%9,6ko soldata igoerak, kolektibo garrantzitsuentzako subrogazioa eta lan erreformetarako blindatzeak jasotzen ditu, besteak beste». Lurraldeko azken hitzarmena 2010ekoa da —2011tik iraungita—, eta sektorean 40.000 langiletik gora daude; beraz, lan itun berriak Gipuzkoako beharginen kolektiborik handiena babestuko luke. «Urte hauetan, lan baldintzak prekarizatu dituzten erreformei erantzun diegu, eta enpresetan antolaketa lan handia egin dugu», esan du ELAko Industria federazioko arduradun Unai Martinezek: «Gure militantziaren lanik gabe, eduki horiek ez lirateke posible izango».

Adegik joan den asteko hondarrean proposatu eta ELAk onartu duen idatziak «Gipuzkoako metal desberdin baten alde egingo du, ez baitu prekaritatea bilatzen, langileak baloratzea baizik, eskubideak eta egonkortasuna emanez». ELAk ez zuen sinatu iazko abenduan Bizkaian egin zen metalgintzaren lan hitzarmena. LAB, CCOO eta UGT sindikatuen ordezkaritzek eraginkortasun orokorreko kategoria eman zioten Bizkaiko lan itunik handienari, baina lau sindikatuak plataforma berean ibili ondoren, greba eta manifestazio handiak egin ondoren, ELA kanpoan geratu zen, akordioa laburregi geratzen zela argudiatuta.

LABek «aurrerapausoak» ikusi ditu azken egunetan —ordezkaritzaren %30etik gora dauka—, eta azpimarratu du ez dela kasualitatea izan Adegik egin duen azken proposamena mobilizazioen ondoren iritsi izana. Baina ez du iragarri akordiorako prest dagoenik, eta «mehatxu onartezintzat» jo du Adegik esatea ez duela bere eskaintza hobetuko. Patronalak otsailerako abisatu zuen gatazkarekin ez zela akordiorik egongo. Ikusteko dago CCOOren eta UGTren jarrerak zein diren ELAren baietzaren ostean; joan den astean «eskasegia» iruditu zitzaien patronalaren eskaintza, eta, ELAren baietza jakin eta gero, batak zein besteak esan dute proposamena ez dela nahikoa, eta negoziatzen jarraituko dutela. Ez bada aldaketaren bat Adegiren idatzian, zaila izango da bihar bertan egia bihurtzea Gipuzkoako metalgintzaren itun berria, hamar urteren ondoren. Izan ere, ELAk ez du eragin mugatuko itunik egingo, ez du berak bakarrik sinatuko, eta, eragin orokorrekoa izateko, beste sindikatuetako batek behintzat oniritzia eman behar dio Adegik proposatu duen idatziari. Zaila da pentsatzea, era barean, CCOOk eta UGTk ihes egiten utziko diotela lan hitzarmenik garrantzitsuenak aurrez aurre duen aukerari.

LABek ez du bat egingo proposamen horrekin bihar, «gabeziak» ikusten baititu oraindik. Gainera, haserre azaldu ELArekin, bere erabakia jakinarazteko modua dela eta: «LABek komunikabideen bidez jakin du ELA prest dagoela Adegiren azken proposamena sinatzeko. Urrats hori negoziazio mahaiko bileraren bezperan egin du, eta alde bakarrez eginiko urrats bat da, gainontzeko sindikatuekin kontatu gabe, eta gehiengoaren akordioa bilatu gabe. Bilera baino 24 ordu lehenago uko egin diote mahai gainean dagoen proposamena hobetzeari. Zer interes du ELAk negoziazioa gelditzeko?».

Lan itunaren edukiak

Hitzarmenak jasoko lituzkeen hamar hobekuntza zerrendatu ditu ELAk. Hasteko, 8,8ko soldata-igoerak jaso dira 2019ra arte —atzerako eraginez—, baita dietetan, bidaietan eta abarretan ere; eta %0,8koa 2020an. Beraz, guztira,  % 9,6ko igoera. 2021 eta 2022rako, berriz, KPIa bermatzen da sektoreko enpresa guztientzat. Ez da dirurik itzuliko KPIa negatiboa bada. Horrez gain, lan erreformaren aurkako blindaje klausulak daude, eta baita ultraktibitate mugagabea ere. Azken aldagai horrek ibilbide oso luzeko akordio bihurtuko luke lan itun hori.

Bestalde, azpikontratatuentzako subrogazioa jaso da, mantentze lanetan, biltegian eta logistikan, garbiketa industrialean eta telefono instalazioetan. «Enpresa nagusitik kanpoko milaka langileri lan egonkortasuna emango die horrek», azaldu du sindikatuak. Eta aldi baterako lanerako enpresen bidezko kontratazioa gehienez ere urtebetekoa izango dela finkatu dute. Berdintasunari dagokionez, enpresek legez nahitaezkoa den baino informazio gehiago eman beharko dute, nahitaezko epeekin.

Beste hobekuntza batzuk malgutasunarekin daude lotuak: hiru egunetik bost egunera pasatuko da aurreabisuen epealdia. Eta soldata aldaketa kolektiboak akordio bidez bakarrik aplikatu ahal izango dira. Gainera, espresuki jaso dute Gipuzkoako hitzarmena aplikatzeko lehentasuna ere, Espainiakoaren gainetik.

ELAren ustez, «garaia da» gainerako euskal patronalek, pribatuek zein publikoek, «beren langileen lana baloratzearen alde egin dezaten». Sindikatuak esan du lan eskubideak direla «aurrean dugun egoera zailetik ateratzeko errezetarik onena». Eratsi du «frogatuta» geratu dela «negoziatzeko borondatea eta langileentzako eduki onuragarriak badaude» ELA ere akordioan egoteko gai dela.

Metala, gakoa Gipuzkoan

Gipuzkoako lan itun handiena da metalgintzarena, eta historikoki zailena egiten. Hura berritzea urrats oso handia litzateke euskal negoziazio kolektiboari begira, eta beste sektore batzuen lokarria askatzen lagunduko luke, besteak beste, bulegoena eta ostalaritzarena. Izan ere, Hego Euskal Herrian, Gipuzkoak du iraungitako itun handi gehien.

Espainiako Gobernuak lan erreforma «hobetzeko» asmoa duela jakinarazi ondoren iritsi zen ELAren deia mahaia eratzeko eta orain akordiorako baietza iritsi da. Pedro Sanchezen gobernuak lehentasunak alda ditzake itunetan, eta enpresa hitzarmenak berriro sektorekoen azpitik jarri. Horrek euskal hitzarmenen estatalizazioa areagotuko luke. Agertoki berri horretan, Confebaskek eta sindikatu nagusiek 2017ko urtarrilean egindako Sektore Arteko Esparru Itunak garrantzi handia hartuko luke estatalizazioari muga jartzeko tresna gisa.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.