'Brexit'

EBk espedientea irekiko dio Erresuma Batuari 'brexit'-erako akordioa ez betetzeagatik

Bruselak hilabeteko epea eman dio Londresi jokabidea zuzentzeko.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, gaur, Bruselan. JOHANNA GERON / POOL
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 1a
11:51
Entzun

EB Europako Batasunak espedientea ireki dio Erresuma Batuari, azken horrek brexit-erako akordioa betetzeari uko egin diola iritzita, eta hilabeteko epea eman dio egoera onbidera dezan. Aldeek adostasunik lortzen ez badute, espedientea EBko Justizia Auzitegira helduko litzateke, eta hark izango luke azken hitza.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eman du batasunak Londresen kontra hartu duen neurriaren berri: «Gutunak Erresuma Batuko gobernuari gonbita egin dio bere oharrak hilabete bateko epean bidaltzera. Bien bitartean, Europako Batzordeak gogor egingo du lan ateratzeko ituna osorik ezartzeko».

EBk atzo arteko epea emana zion Boris Johnsonen gobernuari Erresuma Batuko barne merkaturako lege proiektua zuzentzeko, baina Londresek ez du halakorik egin. Aldiz Komunen Ganberak tramitera onartu zuen egitasmoa, duela bi aste, eta bidea egiten jarraitzen du parlamentuan.

Lege proiektuak brexit-erako akordioaren hainbat puntu urratuko lituzke bere horretan onartuz gero. Zalantzan jartzen ditu, batez ere, Ipar Irlandarako aurreikusitako neurriak; horien helburu nagusia zen ez itzultzea Irlandarekiko muga zurrunera, eta horrela Ostiral Santuko bake akordioari eustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.