Aldi baterako lan erregulazioak

Lanaldi partzialekoei ez zaie murrizketa aplikatuko, LABek eskatu bezala

Espainiako Gobernuaren dekretuak jasotako zuzenketa, «garaipentzat» hartu du sindikatu abertzaleak

LABen maniestazio bat, Iruñean. JAOBA MANTEROLA / FOKU
xabier martin
2020ko urriaren 1a
12:08
Entzun

SEPE langile prekarizatuenak zigortzen ari zela salatu zuen maiatzean LABek. Langile horiek «miseriazko jardunak izateagatik» enplegu bat baino gehiago izatera derrigortuak daudela azaldu zuen sindikatu abertzaleak, eta normalean emakumeak eta oinarrizko lanetan dabiltzanak direla. «Pandemian, gutxienez kontratu bat aldi baterako erregulazio batera joan zaie, eta ondorioz, langabezia prestazioa eskatu behar izan dute. SEPEk ordea, murrizketa bikoitza aplikatu die, zegokiena baino askoz gutxiago jasoz». Hori da asteon Ministro Kontseiluak onartutako dekretuak aldatu duena.

LABek egoera horren injustiziaren berri eman zuela gogoratu du: «SEPEk interpelatu genuen, mobilizazioak egin genituen... Uztailean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ehunka salaketa sartu genituen, eta jadanik prest genituen beste hainbeste demanda». Hala, dekretuak eragin duen aldaketa «garaipentzat» hartu du LABek. «Arrazoi genuela aitortu eta langile hauek jasandakoa jaso du».

Hala ere, salatu du auzia ofizioz konpontzeko sindikaturen eskaera ez dela jaso. «Milaka langile daudelako egoera horretan, milaka langile miseriazko jardun eta soldatekin lehen lerroan egon direnak lanean, administrazio publikoak egindako hanka-sartzea jasan behar izan dutenak, eta akatsa konpontzeko erantzukizuna euren bizkarren gain hartu beharko dutenak».

Gainera, langileak bete beharko du SEPEk argitaratzen duen eredua, eta langileak berak erregistratu beharko du elektronikoki. «Hala, administrazioaren akats bat langileek konpondu beharko dute erraza eta irisgarria ez den modu batean gainera, elektronikoki». Informazio hori zabaltzeko eskatu du LABek: «Langile bakoitzak jaso dezala dagokiona. LAB sindikatuko egoitzak irekiak izango dituzte eskaera hauek errazteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.