Zaldibarko auzia

Eusko Legebiltzarrean ez da hondakindegiei buruzko lantalderik sortuko

EAJren eta PSE-EEren botoek atzera bota dute horren inguruko eskaera.

Zaldibar Argitu plataformaren elkarretaratze bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
gotzon hermosilla
2020ko urriaren 1a
12:32
Entzun

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du hondakin industrialen zabortegietako egoera aztertzeko lantalde bat osatzeko proposamena. PPk eta Elkarrekin Podemosek adostutako proposamena zen, eta EH Bilduk ere bozkatu du horren alde, baina EAJren eta PSE-EEren botoek galarazi dute aurrera egitea.

EAJko legebiltzarkide Maria Eugenia Arrizabalagak esan duenez, orain Jaurlaritzak hiru lehentasun ditu: Joaquin Beltranen gorpuzkiak aurkitzea, zabortegi guztien egoera «sakon» aztertzea, eta, «gobernu hitzarmenean jasotzen den bezala», hondakin industrialei buruzko politika etorkizunerako finkatzea: «Lantalde batek ez luke lehentasunezko eginkizun horietatik bat bera ere azkartuko».

Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik esan du Jaurlaritzak «180ko graduko aldaketa» egin behar duela gai honetan, eta ahotan hartu ditu Jaurlaritzaren eskariz egindako auditoriaren ondorioak: «Badirudi horren xede bakarra zela gobernuaren erantzukizun politikoak saihestea. Han esaten da ezinezkoa zela zabortegia kontrolatzea, eta enpresari zegokiola ziurtatzea gauzak ondo egiten zirela. Jaurlaritzak ezin badu kontrolatu, zertarako balio du Jaurlaritzak?»Â.

PPko Muriel Larreak, berriz, esan du «Zaldibarko hondamendia galarazi» egin zitekeela, «asko» dagoela hobetzeko, eta auziaren inguruko eta Jaurlaritzak egindakoari buruzko dokumentazio guztia «bi hilabeteko epean» emateko eskatu dio gobernuari.

EH Bilduko Mikel Oteroren iritziz, «konpontzeke» daude Zaldibarko auziari buruzko zenbait kontu: Joaquin Beltranen gorpua aurkitzea, hondakindegian zegoen zaborrarekin zer egin erabakitzea, lanean aritu ziren beharginen eta inguruko herritarren osasuna artatzea eta abar; eta, era berean, beste zenbait zalantza «argitzeke» daude, adibidez, «zergatik atzeratu zen horrenbeste zigor txostena zabaltzeko erabakia», eta hondamendia gertatu eta lehenengo orduetan erreskate lanetan izandako «deskoordinazioa». Ikerketa batzorde bat sortzeko eskatu du.

PSE-EEko Eneko Anduezak esan duenez, «badirudi gizartea eta alderdi batzuk orain konturatu direla hondakin asko sortzen ditugula». Haren iritziz, hondakinen gaia ez da konpontzen erraza izango, «alderdi batzuek gertatutakoa politikoki erabiltzen jarraitu nahi izango dutelako, zenbait herritarrek erosokeriaz jokatzen jarraituko dutelako, eta udal batzuen norberekeriagatik ere, inork ez duelako bere eremuan zabortegirik nahi».

Maria Eugenia Arrizabalaga jelkideak esan du «estrategia bateratu paradoxikoa» dagoela oposizioaren alderdi guztien artean, eta «politikakeria» gisa definitu du horien jarduna. Bereziki gogorra izan da EH Bildurekin: «Zuek uste zenuten eztanda sozial baterako baldintza objektiboak eta subjektiboak bazeudela, eta horrek kale egin dizue; frustragarria izan behar du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.