Karabakh Garaian

Erasoek ez dute etenik Karabakh Garaian

Bosgarren egunez jarraian egin dituzte oldarraldiak. Nazioartea ahaleginak egiten ari da su-eten bat lortzeko, baina, oraingoz, ez dirudi herrialdeek negoziazioei ekingo dietenik.

Karabakh Garaiko etxe bat suntsituta, egunotako borroken ondorioz. STRINGER / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urriaren 1a
13:20
Entzun

Igande goizaldean piztu ziren borrokak Karabakh Garaian Armeniaren eta Azerbaijanen artean, eta bi aldeek elkarri egotzi zioten liskarrak piztu izana. Ordutik, erasoek ez dute etenik izan, eta negoziazioei ekiteko prestasunik ere ez dute azaldu; bosgarren egunez jarraian egin dituzte oldarraldi bortitzak. Nahiz eta ohikoak diren bi herrialde horien arteko liskarrak, eremu horretan 2016tik gertatu den erasoaldirik larrienak izaten ari dira. 

Azerbaijango eta Armeniako militarrek gaur adierazi dute eraso arrakastatsuak egin dituztela. Azerbaijango Defentsa Ministerioak jakinarazi du Armeniako armadaren hainbat konboi suntsitu zituela bart. Ohar batean eman dute horren berri: “Gaueko erasoetan, kolpe suntsitzaileak eman ditugu indar armatuek lurralde okupatuetan zituzten posizioen aurka”. Ilham Alijev Azerbaijango presidenteak ezinbestekotzat jo zuen Armeniako tropak "lurralde okupatuetatik irtetea” elkarrizketekin hasi nahi bazuten, eta bitartean operazio militarrekin jarraituko zutela jakinarazi zuen. 

Nikol Pashinian Armeniako lehen ministroak, berriz, ohartarazi zuen negoziatzeko atmosfera eta baldintza egokiak behar direla, eta kasu honetan ez dela hori betetzen. Era berean, Zogran Mnatsakanian Armeniako Atzerri ministroak gaur adierazi du ez dagoela “irtenbide baketsurako” alternatibarik: “Azerbaijan indarrez konpontzen saiatzen ari da arazoa, eta Armenia eta Karabakh Garaiko aldebakarreko kontzesioak itxaronez. Aukera hori baztertuta dago". Lurraldeko Defentsa Ministerioak gaur adierazi duenez, beren unitateek Azerbaijango helikoptero militar bat bota dute.

Nazioartea ahaleginak egiten ari da Erevanen eta Bakuren arteko su-eten bat lortzeko, eta behin eta berriz egin die menia bat adosteko deia. Oraingoz, ordea, ez dirudi horretarako bide errealik dagoenik.

Urteetako gatazka

Karabakh Garaiak, ofizialki Azerbaijanen menpekoa den arren, gehiengo armeniarra du, eta de facto independentea da, nahiz eta nazioarteko herrialde bakar batek ere onartu ez; Erevanek ere ez dio aitortzen eskualdeari nazio izaera. Halere, Armeniaren laguntza du. Bi herrialdeen arteko gatazka 1918an piztu zen, Errusiarekiko independentzia lortu zutenean. 1920ko hamarraldiaren hasieran, Sobietar Batasunak bere agintea ezarri zuen Karabakh Garaian, eta eskualdea Azerbaijanen menpe geratu zen, nahiz eta erabakiak Moskutik hartzen ziren eta lurraldeak autonomia zuen. 1988an, baina, gobernu autonomoak erreferendum bat egin zuen eskualdea Armeniako Errepublikaren menpeko bilaka zedin, eta baiezkoak irabazi zuen. Azerbaijango Gobernuak eta Moskuk ez zuten onartu emaitza.

1991n, Sobietar Batasuna desegin zenean, armeniar separatistek hartu zuten eskualdearen kontrola, Armeniako Gobernuaren laguntzarekin. Lurralde autonomoaz gain, Azerbaijango zazpi barruti ere okupatu zituzten. Azerbaijanek aurre egin zien, eta 30.000 hildako eta milaka iheslari eragin zituzten borrokek. 1994an, su-etena hitzartu zuten bi aldeek, nazioartearen bitartekaritzarekin, eta Azerbaijanek tropak erretiratu zituen eskualdetik. Su-etenak, ordea, ez zuen egonkortasun erabatekorik ezarri, eta oraindik ere borrokak pizten dira hainbatean behin, egunotan gertatu moduan.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.