Futbola

Erasoko gabeziak erakutsi ditu Athleticek

Galdu egin du Cadizen aurka San Mamesen (0-1), nahiz eta ia ordu erdiz bederatzi aurkariren aurka aritu den. Unai Lopezek sartu du gol bakarra bere atean.

jarraia187712.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko urriaren 1a
22:10
Entzun

Hutsegite galanta egin du Athleticek. Historikoa bezala izenda daitekeena, beti gogoratuko baita ezin izan diola Cadiz igo berriari irabazi, nahiz eta aurkariak bi jokalari gutxiagoz jokatu behar izan duen ia ordu erdi luzez. San Mamesen ez zegoen ikuslerik, eta alde horretatik, ondo, taldeak erakutsi duen gabezia handiarekin lotsatu beharrik ez.

Gol bakarra egon da partidan, eta Unai Lopezek sartu du, gainera. Bere atean. Nola eta Cadizen kontraeraso batean, ordurako jokalari bat gehiago zuenean Athleticek. 56. minutuan gertatu da jokaldi hori. Lozanok erdiraketa egin du, Unai Nuñez buruz burukoan oso erraz gainditu eta gero. Defentsako lanean laguntzera jaitsia zen euskarri gipuzkoarra, baina lagundu nahian, soka bota dio lepora taldeari.

Beste horrenbeste egin du Alvaro Negredok handik hamahiru minutura, baina Cadiz bere taldea kaltetzeko. Bazuen txartel horia, eta zer egingo eta bere burua lurrera bota Athleticen area barruan. Penaltia lapurtzera joan, eta aldagelan bukatu. Etxekoek kontrako emaitza bazuten ere, bazen nahikoa denbora partida berdindu ez ezik, iraultzeko. Baina orduan azaldu dira taldearen gabeziak. Eta horrekin are gehiago piztu da Gaizka Garitanoren inguruan dagoen zarata. Kritikoek leporatzen diote defentsako lana lehenesten duela, erasokoa ia erabat baztertuz; ez dituela behar bezala baliatzen jokalari erasokorrenen ezaugarriak. Ez da bekatua estilo jakin baten alde egitea, eta Garitanok badu berea. Ondo lantzen du hori, eta defentsako lanean oinarrituz heldu da heldu den lekuraino taldearen ardura hartu zuenetik. Erasoa ere bada, ordea, futbola, eta ondo daki hori entrenatzaileak. Landuko du Lezamako saioetan, baina ikusten da ez dela berea. Eta ez du zertan izan. Gertatzen dena da atzokoa bezalako egoeretan, oso agerian geratzen dela gabezia hori.

Talde batek jokalari gehiago dituenean aurkariak baino, zelaia zabaldu egin behar du, baina ez baloia horizontalean batetik bestera bakarrik mugitzeko. Barruko jokoa ere behar du, aurkaria itxi, eta ondoren, hegaletan leku eta denbora gehiago izateko hegalekoek. Baloiaren abiadurak ere azkarra behar du izan. Athleticek zelaia zabaldu du, baina barruko jokoa erabili gabe, eta erdirakeken hautua egin du bakarrik. Gogorra da esatea, baina Cadizek estutasun handirik gabe eutsi dio emaitzari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.