Torraren inhabilitazioa

Kataluniako hauteskundeak otsailaren 14an egingo dituzte

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak baieztatu du bozetarako data, RAC1 irratian egin dioten elkarrizketan. Hainbat protesta izan ziren atzo, urriaren 1eko erreferendumaren urteurrenean.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentea, artxiboko irudi batean. TONI ALBIR / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 1a
23:08
Entzun

Kataluniako hauteskunde autonomikoek badute data zehatza: otsailaren 14an izango dira, Quim Torra Kataluniako presidente ohiaren inhabilitazioaren ondoren, hura ordezkatzeko epeak agortuta.

Kataluniako Parlamentuak bi hilabeteko epea du Torraren ordez beste presidente bat izendatzeko. Hala egin ezean, bozetara automatikoki deitzeko agintzen du legeak. Deialdia egin eta 54 egunera egin beharko dira hauteskundeak. JxCk eta ERCk —Kataluniako Gobernua sostengatzen duten bi indar independentistek— hauteskundeak otsaileko bigarren igandean egitea adostu dute, eta helburu horrekin kontrolatuko dituzte Torra ordezkatzeko denborak.

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak jakinarazi du hauteskundeetarako eguna, gaur goizean, RAC1 irratian egin dioten elkarrizketan.

Protestak, U-1aren urteurrenean

Hiru urte bete ziren atzo Katalunian independentziari buruzko erreferenduma egin zutenetik. Hori oroitzeko asmoz, CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek protesta ekitaldi bat antolatu zuten iluntzean, Bartzelonako Sant Jaume. Parlamentuko ordezkari independentisten argazkiak eraman dituzte, eta erreferendumean herritarrek emandako «agindua» betetzeko eskatu diete. «Herri epaiketa bat» irudikatu dute, eta haien argazkiak Generalitatearen jauregiko atarira bota dituzte, erreferendumean bozkatu zutena ez betetzeaz «errudun» direla ebatzita.

Ondoren, ehunka lagunek manifestazioa hasi dute, eta Via Laietanara iristean istiluen aurkako unitateetako mossoekin topo egin dute. Istiluak sortu dira orduan. Manifestariek barrikadak altxatu dituzte hiriaren erdigunean, eta su eman diete edukiontzi batzuei. Mossoak manifestarien aurka oldartu dira, eta hamabost atxilotu dituzte.

Polizia autonomikoak jakinarazi du Gironan ere beste manifestari bat atxilotu duela, CDRek deitutako elkarretaratze baten ondoren.

Batzelonako CDRak adierazi du «konfrontazioaren» aldeko apustua dela berea, eta bide hori hasi zuela Torraren inhabilitazioaren egunean egin zuen manifestazioarekin. Gainerako eragile independentistei gatazka «kalera» eramateko eta mobilizazioekin bat egiteko eskatu diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.