Lan merkatua

Aurreko irailetan baino enplegu gehiago berreskuratu dira aurten: ia 9.500

Hezkuntzako kontratazioek Gizarte Segurantzaren afiliazioa suspertu dute. Abuztuan baino 1.500 langabe gutxiago daude. 30.800 langile daude aldi baterako erregulazioan

Lanbideren bulego bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko urriaren 2a
09:31
Entzun

Oraindik oso beltza den panorama batean, itxaropen izpi bat sortu dute iraileko lan merkatuko datuek. Langabe kopurua jaitsi egin da Hego Euskal Herrian (-1.512), eta Gizarte Segurantzak 9.404 afiliatu berreskuratu ditu. Ohikoa da irailean landunen kopuruak gora egitea, batez ere hilabete horretan hasten direlako lanean udako hilabeteetan kalera joaten diren hezkuntzako langileetako askok. Baina aurtengo datua serie historikoaren onena da, agian udaberria inoizko txarrena izan zelako —itxialdiarengatik—, eta orduan galdutako afiliazio batzuk berreskuratu ahal izan direlako orain.

Gobernuek baikortasunez hartu dituzte datuak. «Zenbakiak itxaropentsu izateko gonbidapena dira», azaldu du Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak, baina oroitarazi du langabe kopurua artean oso handia dela: «144.758 pertsona ditugu langabezian, eta gu guztion beharra dute». Haren sailak, berriz, nabarmendu du iraileko datua aurreko urteotakoen antzekoa dela, eta espero duela «udaberriko kolpea urtearen amaieran zuzentzen hastea».

«Oso datu onak dira», esan du, berriz, Maria Txibite Nafarroako lehendakariak, eta «zuhurki baikorra» izateko arrazoiak badirela gaineratu.

Langabezia jaitsi egin dela onartuta ere, iazkoaren aldean oso handia dela nabarmendu dute sindikatuek. ELAk eta LABek azpimarratu dute gazteen egoerak okerrera egiten jarraitzen duela, eta 25 urtetik beherako 1.240 gazte gehiagok langabeziaren zerrenda ofizialak «loditu» dituztela.

Langabezia: az baino 38.000 gehiago
Irailaren amaieran 182.903 langabe zeuden erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren zerrendetan. Abuztuan baino 2.512 gutxiago dira. Jaitsiera ez da iazkoa bezain handia (-3.090), baina batezbestekotik gora dago. Berez, 2008-2014 epean langabe kopurua handitu egin zen irailean.

Duela urtebeteko datuekin alderatuta, noski, kopurua oso txarra da: iazko irailean baino 38.832 langabe gehiago izan dira aurten. Urte batetik besterako aldea egonkortuta dago maiatzaz geroztik; otsailera arte, baina langabe kopurua jaisten ari zen.

Sektore gehienek izan dituzte datu positiboak, baina deigarria da industriaren datua, 822 langabe gutxiago baitaude sektore horretan. Baliteke arlo horretan zenbakiak okerrera egitea hurrengo hilabeteetan, baldin eta gauzatzen baldin badira orain enpresa handi batzuetan negoziatzen ari diren enplegu erregulazioak (Trenasa, Gestamp, ITP, Aernnova, Alestis...).

Afiliazioak, urriaren zain

Irailero bezala, hezkuntzaren efektu distortsionatzailea ikusi da aurtengo irailean ere, baina egia da aurtengo iraileko afiliazioaren gorakadak ez duela parekorik. Gehien gerturatzen zaion iraila 2017. urtekoa da, eta orain baino 1.500 kotizatzaile gutxiago gehitu ziren urte horretan Gizarte Segurantzara.

Iazko datuekin alderatuta, aldiz, 17.876 langileren zuloa ikusten da Gizarte Segurantzan. Handia da, baina txikitzen ari da: maiatzean 39.348 gutxiago ziren afiliatuak.

Edonola ere, ikusi beharko da zer gertatzen den urrian, hori baita afiliazioa gehien hazten den hilabetea, alde handiz gainera: +21.118 2018an, +19.234 2019an. Ikastetxeetako langileak ez ezik, akademietako irakasleak, aisialdiko begiraleak eta halakoak izan ohi dira urrian kotizatzen hasten diren batzuk, baina ez luke inor gehiegi harritu behar aurten arlo horietan ez dela aurreko urteetan bezainbesteko enplegurik sortuko.

Lau mila gutxiago enplegu erregulazioetan

Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera, 30.792 lagun zeuden irailaren amaieran aldi baterako enplegu erregulazioan. Hilabete batean lau mila langile atera dira egoera horretatik, 34.925 baitziren abuztuaren amaieran. Apirilean, erabateko itxialdiaren hilabetean, 230.000 izatera iritsi ziren, bost langiletik bat gutxi gorabehera. Kopurua hilabetez hilabete jaisten ari bada ere, kezkatuta azaldu da LAB: «Berragerpenak errepikatu eta pandemiaren garapena luzatu ahala, enpresa askoren erresistentzia gaitasuna ahultzen hasiko da, eta aldi baterako erregulazioak bide ematen ari dira kontratuak hausteko aukerei eta kaleratze masiboen hazkunde kezkagarriari».

Kontratuak, bizkortzen

Kontratazioa bizkortu egin da irailean, eta lehen aldiz otsailaz geroztik, 100.000 kontraturen langa gainditu du —ia 118.000 sinatu dituzte enpresek eta langileek—. Datu horren ifrentzua da kontratu gehienak aldi baterakoak direla, eta behin-behinekotasun tasa oso handia dela: kontratuen %7,62 baizik ez dira mugagabeak izan —2019 osoan %7,77 izan ziren—. Datu horiek ikusita, ELAk enplegu politiken aldaketa eskatu dio Jaurlaritzari. «Berpiztu programak ez dio irtenbiderik emango lan merkatuan dagoen egiturazko arazori. Kontua ez da enplegua sortzea bakarrik, baizik eta zein baldintzatan. Aurreko planek ez zuten prekaritatea murriztu, eta oraingoak aurreko urteetako ildoan jarraitzen du», ziurtatu du ELAk, eta enplegu eskaintza publikoak egiteko eskatu dio Gasteizko gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.