Euskara

Erdarazko galderei ere, euskaraz

Aurrerantzean, Realeko jokalariek euskara hutsean emango dituzte prentsaurreko batzuk. Eibarrek eta Bera Berak ere kontuan hartzen dute hizkuntzaren erabilera; adibidez, sare sozialetan kontu bakarra dute, euskaraz eta gazteleraz.

Igor Zubeldia, aurten euskara hutsean emandako prentsaurreko bakarrean, Zubietako prentsa aretoan. REALA
Miren Garate.
2020ko urriaren 2a
09:59
Entzun

Realaren prentsaurrekoetan, aurrena euskarazko komunikabideek izaten dute galderak egiteko aukera, eta haiek amaitutakoan uzten diete txanda gaztelaniazkoei. Euskal hiztunen kasuan, euskaraz galdetzen bazaie, euskaraz erantzuten dute jokalariek, eta gaztelaniaz galdetuz gero, gaztelaniaz. Futbol klubak, ordea, aurrerapauso bat eman nahi du, eta aldiro-aldiro euskara hutsezko prentsaurrekoak antolatzeko asmoa du —irailaren 22an jakinarazi zuen jendaurrean, ohar baten bidez—. Hau da, klubak erabakitako prentsaurreko jakin batzuetan, hala nahi duten jokalariek euskaraz soilik hitz egingo dute, eta euskaraz erantzungo dituzte gaztelaniazko galderak ere. Hala hasita daude gizonezkoen lehen taldean, eta emakumezkoenean ere laster hastekotan dira.

«Ikusten genuen bagenuela horrelako zerbait egiteko aukera: batetik, klubaren jarreragatik, modu orekatu batean eginda eta aurretik ondo esplikatuta, inorentzat ez duela arazo izan behar iruditzen baitzitzaigun; bestetik, gure jokalari askoren artean ere ikusten genuen horrelako zerbait egiteko gogoa», esan dio Gipuzkoako Hitza-ri Andoni Iraolak, Reala fundazioko zuzendariak.

Bai gizonen taldean, bai emakumeenean, mordoxka bat dira jokalari euskaldunak. Alabaina, oraingoz behintzat, ez du jokalari bakoitzak erabakiko zer hizkuntzatan hitz egingo duen komunikabideen aurrean, klubak antolatutako prentsaurrekoetan klubak berak finkatuko baititu hizkuntza irizpideak. Adibidez, gerta daiteke futbolari batek aste batean euskara hutsez ematea prentsaurreko bat, eta handik aste batzuetara euskaraz eta gaztelaniaz.

Euskarazko agerraldiak zenbat izango diren galdetuta, Iraolak azaldu du astez aste aldatu egiten dela prentsaurreko kopurua, partida kopurua ere ez delako beti bera izaten. «Gure komunikazio sailak erabaki beharko du hori. Hilean bospasei prentsaurreko izaten badira, horietatik bizpahiru behintzat izatea nahiko genuke. Hala ere, ez dugu zenbakirik eman nahi; guretzat garrantzitsuena ez da kopurua, baizik eta gure jokalariek prentsaurreko batzuk euskaraz bakarrik egingo dituztela modu naturalean».

Itzulpen zerbitzuaren asmoa

Oraindik zer jokalarik hitz egingo duen ez dakiten arren, datorren astean izango da euskara hutsezko hurrengo prentsaurrekoa. Pandemia iritsi aurretik, aurrez aurrekoak izaten ziren jokalarien agerraldiak, baina orain telematikoak dira. Berriz ere kazetariak Zubietara bueltatzen direnean, klubaren asmoa da aldi bereko itzulpen zerbitzua jartzea euskarazko prentsaurrekoetan, eta jokalariak une oro euskaraz bakarrik entzutea. Prentsaurreko telematikoetan Realak ez du horrelako zerbitzurik jarri.

Entrenatzailea izan ohi da agerraldi gehien egiten duena. Imanol Alguacil gizonen entrenatzailea euskalduna da; ez, ordea, Natalia Arroyo emakumeena. Iraolaren esanetan, prentsaurrekoak euskaraz egiteko erabakia, oraingoz, futbolariek Zubietan egiten dituzten prentsaurrekoetara mugatuko dute. «Horrek ez du esan nahi beste agerraldietan euskararen presentziarik ez dagoenik».  Klubari lotutako beste albisteei lotutako agerraldiak zer hizkuntzatan egin erabakitzeko bozeramaileari eta abarri begiratuko zaiela adierazi du.

Gipuzkoa Berdinago egitasmotik etorri da, hein batean, Realaren erabaki hori. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Soziolinguistika Klusterrak sustatzen dute proiektua, eta zenbait esparrutako —unibertsitateak, enpresak, erakunde publikoak…— eragile erreferentzialek parte hartzen dute. Besteak beste, jendaurreko jokamoldean euskararen erabilera sustatzea dute helburu. «Askotan esan digute Reala erreferente bat dela, gazte eta zale asko dagoela gure jokalariei begira, eta gure jokalariak euskaraz ikustea garrantzitsua izan daitekeela. Aitortu behar dugu egia dela», dio Iraolak. «Gure erantzukizunari eta erreferentzialtasunari erantzun nahian hartu dugu erabakia».

Eibar eta Bera Beran, zer?

Gipuzkoako beste bi kirol klubek ere parte hartzen dute Gipuzkoa Berdinago egitasmoan: Eibar eta Bera Bera elkarteek. Realean ez bezala, Eibarren gutxi dira futbolari euskaldunak: gizonen taldean,  Anaitz Arbilla bakarrik  —emakumeenean, gehiago—. «Anaitzek aukera duen bakoitzean, prentsaurrekoak harekin egiten ditugu, euskarazko komunikabideek adierazpenak euskaraz izan ditzaten», azaldu du Unai Artetxe Eibarreko komunikazio arduradunak. Horrez gain, Jose Luis Mendilibar entrenatzailea euskalduna denez, euskaraz hasten dituzte harekin egindako prentsaurreko guztiak. «Berdin du Ipuruan izan edo Bernabeun [Madril]».  Horri lotuta, sonatua izan zen 2015ean Almerian (Espainia) gertatutakoa: Gaizka Garitano zen orduan Eibarreko entrenatzailea, eta, ohi bezala, euskarazko galderak erantzuten hasi zen aurrena, baina kexatu egin ziren prentsa aretoan zeuden kazetari batzuk, eta handik alde egin zuen entrenatzaileak. «Gainerakoan, ez dugu inoiz arazorik izan», dio Artetxek.

Sare sozialek indar handia hartu dute azken urteotan, eta jarraitzaile ugari izaten dute kirol taldeek. Eibarrek erabaki du kontu bakarra izatea Twitterren. «Normalean, txioak euskaraz eta gaztelaniaz jartzen ditugu, eta euskarazko asko ez ditugu itzultzen. 200.000 jarraitzaile baino gehiago ditugu, eta jendeak euskara ikustea nahi dugu». Hasieran, euskarazko eta gaztelaniazko kontu bana sortzea pentsatu zuten. «Baina ikusi genuen erabiltzaile gutxiagorengana iritsiko ginela, eta propio erabaki genuen kontu bakarra izatea».

Realak bi kontu ditu Twitterren. 15.000 jarraitzaile ditu euskarazkoak, 636.000 gaztelaniazkoak. «Zalantza asko izan genituen. Azkenean, bi kontu sortzea erabaki genuen, kanpoko aholkularitza batek hala gomendatu baitzigun», zehaztu du Iraolak.

Eibarrek bezala, Super Amara Bera Bera eskubaloi klubak ere bi hizkuntzak erabiltzen ditu sare sozialetan eta webgunean. «Eta, ahal dela, lehentasuna ematen diogu euskarari: aurkezpenak egiterakoan, jendea animatzerakoan…».  Streaming bidez eman behar izaten dituzte partidak. Erlojuak eta markagailuak agertu behar izaten dute, baina hortik aurrerakoa borondatezkoa da. «Adibidez, Barakaldoko Zuazoren aurkako partidan iruzkinak egitea bururatu zitzaigun, euskaraz bakarrik. Espainiako Federaziotik esan ziguten: 'Ondo, baina gaztelaniaz eginez gero, hobeto'», kontatu du Jabier Otermin Bera Berako komunikazio arduradunak.

Taldean, Imanol Alvarez entrenatzaileaz gain, Esther Arrojeriak, Alba Menendezek, Maitane Etxeberriak, Ainhoa Etxeberriak eta Mirene Morenok ere arazorik gabe hitz egiten dute euskaraz, eta Nekane Teres ere ahalegintzen da —Euskal Herriko sei jokalari horiek ditu gaur egun taldeak, gainerako guztiak kanpokoak dira—.  «Zer gertatzen zaigu guri? Ez garela Reala, eta etortzen diren komunikabide gehienak erdaldunak direla. Hala ere, beti saiatzen gara euskarazko korteren bat bermatzen, eta irratiko edo telebistako kazetaririk ez badago, askotan neuk egiten dut galdera euskaraz».

Harrobikoekin, euskaraz

Komunikazio politikez harago, euskara sustatzeko bestelako neurri batzuei begira ere badaude kirol klubak. Eta arreta berezia jartzen diote harrobiko taldeekin egiten duten lanari. «Guk, adibidez, entrenatzaileekin dugu ahulezia. Kostatu egiten zaigu entrenatzaileak aurkitzea, eta denek ez dute euskaraz jakiten. Halakoetan, euskaraz dakien laguntzaile bat jarri ohi dugu», esan du Bera Berako Oterminek.

Realean eta Eibarren ere euskaldunak izan ohi dira txikien kategorietako entrenatzaileak, eta fundazioen bidez egiten dituzten jardueretan ere —udako campusak, ikastetxeetarako bisitak…— euskara erabiltzen dute nagusiki. Etxe barrurako euskara planak ere badituzte taldeek. Asteotan, Euskaraldia prestatzen ere ari dira; aipatutako hirurek hartuko dute parte egitasmoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.