Lurrikarak

Lizoainen epizentroa zuten beste hogei lurrikara izan dira bart

Bart gaueko lurrikarak ez dira izan bezperakoak bezain indartsuak, baina inguruko herrietan sumatu dituzte horietako bi, 2,5 gradukoak. Herritarrak kezkatuta daude.

Azken asteetan, lurrikara asko izan dira Lizoainibar-Arriasgoitin. IñIGO URIZ / FOKU
2020ko urriaren 2a
11:11
Entzun

Nafarroan hogei lurrikara baino gehiago hauteman dituzte bart ere. Lizoainibar-Arriasgoiti inguruan zuten epizentroa. Bezperan, Richter eskalako 4,6 graduko lurrikara bat gertatu zen han, eta 4,4 graduko beste bat. Horien aldean, indar gutxikoak izan dira bart gauekoak. Handienak, 2,5 graduko bi: bata 03:52an izan da, eta bestea, 04:07an, eta sumatu dituzte inguruko herrietan.

Espainiako Geografia Institutuaren arabera, 05:02an 2,5 graduko beste lurrikara bat izan da, baina hori ez dute inguruan sentitu. Lurrikara horien aurretik eta ondoren gertatu dira beste batzuk ere, are indar gutxiagokoak, 1,5 eta 2,3 gradu artekoak. Azkena, 08:15ean.

Azken asteetan lurrikara anitz izan dira Nafarroan, eta gehienek Lizoainibar-Arriasgoitin izan dute epizentroa. Azkenengoak atzo goizaldean izan ziren: lurrikara anitz izan ziren, baina bereziki lau sumatu ziren Nafarroan, baita handik kanpo ere. Gauerdian, 4,5eko magnitudeko eta V intentsitateko lurrikara batek gogotik astindu zuen lurra, eta 02:21ean 4,4 magnitudeko eta IV-V intentsitateko beste batek jo zuen. 01:37ean 3,8 magnitudeko eta IV intentsitateko bat izan zen, eta 00:54ean, 3,4 magnitudeko eta III intentsitateko beste bat.

Herritarrak kezkaturik daude, eta Lizoain inguruan neurketak eginen ditu Espainiako Sare Sismikoak. Ostegun goizaldeko lurrikarek kalteak eragin zituzten zenbait herritarren etxeetan. Beldurrez eta urduri daudela kontatu diote batzuek BERRIAri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.