Urkulluk adierazi du Emakunde «indartu» egingo dela sail batean sartuta

Iñigo Urkulluk baieztatu du, Lehendakaritzako parte ez bada ere, Emakunderekin lehengo harreman bera izango duela. Erakunde autonomoaren lekualdaketak gobernuan duen pisua gehituko duela gehitu du.

Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 2a
14:55
Entzun

Oposiziotik zein mugimendu feministatik jasotako kritikei entzungor egin die Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Adierazi du Emakundek Lehendakaritzatik kanpo geratuta ere transbertsala izaten jarraituko duela; are gehiago, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitzeak zentralitatea eta gobernuan dituen pisua areagotuko dituela baieztatu du. 

Lehendakariak mintzaldia baliatu du berdintasun politiken programa azaltzeko: haren helburua «gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatuz, zeharlerrotasuna indartzea» dela adierazi du. Horretarako, soldata-arrakala eta diskriminazioa baztertzearen aldeko politikak ezarriko dituela azaldu du, kontziliazio politikak ezartzearekin batera.

Lehendakariak EH Bilduko Oihana Etxebarrietak egindako galderari erantzunez egin ditu adierazpenok. Etxebarrietak gogorarazi dio Emakunde eredu izan dela Lehendakaritzari atxikitako erakunde autonomo gisa, eta erabakia erakundearen sorrera legeari berari muzin eginez hartu duela. Izan ere, 1988ko lege horrek Lehendakaritzari atxikita egon behar duela adierazten du. Urkulluk erantzun dio erabakia hartzeko ez dutela lege hori kontuan izan, 1981ekoa baizik.

«Gobernutik kanpoko inork ez du zuen erabakia defendatu»

Etxebarrietak mahai gainean jarri ditu Lehendakaritzaren erabakiak sortutako kritikak. Hainbat sektoretatik heldu direla adierazi du, «[Emakunde] herriak bere egin duen instituzio bat» baita bere ustetan. 

Gogora ekarri du Emakundeko lehen zuzendariak eta idazkariak, Txaro Arteagak eta Itziar Fernandezek, idatzitako idatzia. Emakunde Lehendakaritzara bueltatzeko eskatzen zuten. Euskal Herriko mugimendu feministako 70 talde ere erabakiaren aurka agertu direla gehitu du, baita Euskal Autonomia Erkidegoko 60 berdintasun teknikari ere. Emakunde bereziki haserre dagoela adierazi du, erabakiaren berri komunikabideen bitartez jaso zutelako.

Iñigo Urkullurengandik «errektifikazioa» espero zutela azaldu du Etxebarrietak; erreakzioak ikusi eta adituekin berba egin eta gero bere erabakiaren “okerraz” jabetuta. Dena den, erabakia «birpentsatzeko» eskatu dio, berriz ere, EH Bilduk erabakiari aurkeztuko dion mozioa ere horretarako baliatuko dutela gehituz.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.