Ingurumena
'Aralar, mundua leku den lurra', Natura 2000 sarietako finalisten artean
Komunikazio arloko lan onenaren garaikurra irabazteko bost hautagaietako bat da. Urriaren 14an egingo dute sari banaketa.

Landarlan elkarteak eta On Produkzioak ekoiztetxeak eginiko Aralar, mundua leku den lurra dokumentala Natura 2000 sarietako komunikazio arloko lan onenaren garaikurra irabazteko bost finalisten artean dago. Natura 2000 sariek Europako Batasunean azken bi urteetan egin diren ingurumenari buruzko lan onenak sarituko dituzte.
Bi urte igaro dira dokumentala Donostiako Principe aretoan estreinatu zutenetik. Ordutik, hainbat zinema jaialditan eman dute, eta Mammoth Mountain hiriko (Kalifornia) Mendi Filmen Jaialdiko Mendiko kultura eta ingurumen saria eta Ukerdi Mendi Filmen Jaialdiko (Erronkari, Nafarroa) gidoi onenaren saria irabazi ditu. Hala, munduko txoko ezberdinetan erakutsi ostean, eta «proiektuaren azken txanpan» sartuta zeudela, iritsi zaie berria egileei.
Antolatzaileek dokumentalaren oinarrian dagoen «kontzientziazio» asmoa azpimarratu dute, Aralarren «balioaren, edertasunaren eta zaurgarritasunaren» inguruan, baita Natura 2000 espazio babestuak «gizarteari gerturatzeko» eginiko lana. Dokumentalak hainbat adituri eta Aralar inguruko herritarrei eginiko elkarrizketak ditu nagusi, fikziozko narrazio baten hari lanarekin kateatuta, mendi eta larreetan barrena dabilen emakume bat protagonista duela. Hala, horren «kalitate poetikoa eta eszenografia ederra» ere kontuan izan dituzte.
Urriaren 14an egingo den sari banaketa telematikoan, bost sari emango dituzte, eta horietarako 27 hautagai daude denera. Horiez gain, Hiritarren Saria ere banatuko dute, herritarren boto gehien jasotzen duen lanari. Landarlanek adierazi duenez, Aralarren inguruko dokumentala boto gehien dutenen artean dago.
Horrez gain, ekitaldia ixteaz arduratuko den abestia Pello Ramirezen Natura gure baitan izango da, dokumentalaren soinu bandaren parte dena. Sahatsa Ramirezek dantzatu eta On Produkzioak-ek ekoitzitako bideokliparekin izango da. Orduan estreinatuko dute.
Jarraian dokumentalaren trailerra:
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.