AEB-ak

Trump erietxe militar batera eraman dute COVID-19aren ondorioz

Positibo eman eta ordu gutxira hartu dute erabakia, «segurtasunagatik». Zenbait iturriren arabera, «larria» da estatuburuaren osasun egoera; Etxe Zuriko medikuek, aldiz, esan dute «arinak» direla haren sintomak.

Trump, bart, Marylandeko (AEB) erietxe militarrera heldu zen unean. OLIVER CONTRERAS / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko urriaren 3a
12:15
Entzun

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentea bart gauean eraman dute Marylandeko (AEB) erietxe militar batera. Ostegun gauean jakin zen agintariari eta haren emazte Melanie Knaussi koronabirusa atzeman zietela, eta berria eman eta hamazazpi ordura hartu du Trumpek Marylandera eraman duen helikopteroa.

Twitterren zabaldutako bideo batean, Trumpek esan du ondo dagoela, baina badaezpada ere hobe dela dena ondo aterako den segurtasuna izatea. Eskerrak eman dizkie babesa erakutsi dioten guztiei, Knauss ere ondo dagoela esan du: «Ez dut sekula ahaztuko jasotako babesa».

Sean Conley Etxe Zuriko medikuak adierazi duenez, sukar apur bat du presidenteak, nekatuta dago, eta jada jaso du lehen erremdesivir dosia, baita oraindik esperimentatze fasean dagoen Regeneronen tratamendua ere. Arinak omen dira sintomak, eta Trumpek berak baieztatu du geroz eta hobeto sentitzen dela.

Ordea, medikuaren agerraldiaren ostean, presidentearen osasunaren jarraipena egiten ari den pertsona bat aipatuz Etxe Zuriko prentsaurrekoetan egon ohi diren kazetariek zabaldu zuten Trumpek arnasa hartzeko arazoak izan dituela azken orduetan, eta oxigenoa jarri behar izan diotela. Zabaldutako informazioaren arabera, «larria» dago estatuburuaren egoera, eta «erabakigarriak» lirateke datozen 48 orduak.

Estatuburuak eta haren emazteak ez ezik, haien inguruko beste hainbat goi kargudunek ere positibo eman dute COVID-19an: besteak beste, Utahko senatari Mike Leek, Ipar Carolinako senatari Thom Tillisek eta Trumpen kanpainaburu Bill Stepienek. Aldiz, negatibo eman du Joe Biden presidentegai demokratak. Azken horrek aukera baliatu du maskara erabiltzearen garrantzia nabarmentzeko; izan ere, Trumpek soilik une jakinetan erabili izan du maskara, eta bi hautagaiek aurrez aurre izandako lehen eztabaida saioan ere defendatu egin zuen bere jarrera, esanez maskara ez zela beharrezkoa distantziak mantentzen zirenean.

Presidentea bere onera itzultzen ez bada, Mike Pence presidenteordeak hartuko du haren lekua. Koronabirusaren proban negatibo eman du Pencek, baina etxetik ari da lanean. Medikuen arabera, arriskutsua da Trumpen egoera, bere pisuaren eta adinaren ondorioz —74 urte ditu—, nahiz eta karguan denetik osasun ona erakutsi duen.

Oraingoz, erietxeko gela berezi batetik lanean jarraituko du presidenteak datozen egunetan. Aurreikusitako agerraldiak, ordea, atzeratu egin beharko ditu, edo Internet bidez egin. Trumpen kanpainako zuzendariak ere positibo eman du.

Hauteskundeen atarian

Datorren azaroaren 3an dira egitekoak AEBetako hauteskundeak, eta COVID-19an positibo eman izana beste oztopo bat da Trumpen bidean. Oraingoz, inkestetan Joe Biden hautagai demokrataren atzetik dago errepublikanoa, eta hark normal jarraitzen du bere kanpainarekin. Azken agerraldian, Trumpi onena opa diola esan zuen, baina haren jarrera ere kritikatu zuen; izan ere, errepublikanoak burla egin izan dio Bideni maskararekin ibiltzeagatik, eta agerraldiak antolatu ditu distantziarik mantentzen ez zuen jendetzarekin.

Azkenean Trumpek ezin badu presidente izateko hautagai izaten jarraitu, beste norbait hautatu beharko du Errepublikanoen Batzar Nazionalak. Arazo bat dago, ordea: estatu gehienetan beranduegi da bozketako izenak aldatzeko, jada hiru milioi lagun inguruk bozkatu baitute.

Pandemia hasi zenetik, hark eragin zitzakeen kalteei garrantzia kendu die Trumpek, eta COVID-19arekin gaixotzeak hedabideen azaletara eta askoren gogora ekarri ditu berriro pandemiari larritasuna kentzeko egin dituen hainbat adierazpen. Pandemiak 7,2 milioi pertsona baino gehiago gaixotu ditu AEBetan, eta 208.000 lagunetik gora hil dira COVID-19aren ondorioz; ondorio ekonomiko larriak ere eragin ditu: presidenteak positibo eman izanak galerak eragin ditu Asiako eta Europako burtsetan, baita Wall Streeten ere.

Trump bezala, aurretik koronabirusarekin kutsatu dira Boris Johnson Erresuma Batuko presidentea eta Jair Bolsonaro Brasilgoa ere, beste estatu agintari eta gobernuburu batzuen artean. Horietako inor ez da gaixotu, ordea, bozetarako hilabete besterik falta ez zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.