Osasungintza

Osakidetzako langileek «errespetua» eskatu dute Bilboko kaleetan

Osasun Sailari ohartarazi diote mobilizazioak indartuko dituztela irtenbiderik proposatu ezean.

Osakidetzako langileak, Bilboko Kale Nagusian. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2020ko urriaren 3a
16:00
Entzun

Osasun arloko langileek «errespetua» galdegin dute, eta eskatu dute «konponbidea» emateko pairatzen ari diren «muturreko egoerari». Bilbon egin duten manifestazio batean, salatu dute Osakidetza «zainketa intentsiboko unitatean» dagoela, eta lehen arretako zerbitzua, berriz, «hilzorian». Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu berriari ohartarazi diote mobilizazioei ekingo dietela berriro beren eskakizunei irtenbiderik eman ezean.

Bilbon manifestazio bat egin dute Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatu guztiek —Satse, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK izan dira deitzaileak—, eta haiekin bat egin dute beste eragile batzuek: adibidez, pentsiodunen mugimenduak eta osasun arloan lan egin arren Osakidetzako behargintzat aitorturik ez dauden beste zenbait multzok, hala nola garbitzaileek, anbulantzietako langileek, erietxeetako kafetegietakoek eta abarrek. «Kalitatezko osasun publikoa eta langileen eskubideak» defendatu dituzte, COVID-19aren pandemiak sorturiko egoeraren aurrean.

Manifestazioa abiatu aurretik, Satse eta ELAko ordezkariek hitz egin dute, gainerako sindikatuen izenean. Esan dutenez, Osakidetzako langileek «urteak» eman dituzte murrizketak salatzen eta horiek etorkizunean izan zitzaketen ondorioez ohartarazten; orain, COVID-19aren pandemiak agerian utzi ditu gabezia horiek: «Osakidetza ZIUtik atera behar da, eta premiazkoa da erreformak bultzatzea egiturazkoa den arazo hau konpontzeko».

Langileen ustez, osasun arloko agintariak COVID-19a «aitzakia moduan» erabiltzen ari dira murrizketa are handiagoak egiteko: «Lehen arreta hilzorian dago; COVID-19aren aitzakiatan, aurrez aurreko arreta murriztu egin dute, eta telefono bidezko arretarekin ordezkatu nahi dute». «Honaino heldu gara», esan dute sindikatuetako ordezkariek.

«Lehen lerroan»

Horien ostean, Osakidetzak kontratatutako zerbitzuetako langileek hartu dute hitza. Garbitzaileek, anbulantzietako langileek, ospitaleetako kafetegietakoek eta bestek salatu dute pandemiaren unerik gorrienetan «lehen lerroan» aritu direla lanean eta askotan bizitza «arriskuan» jarri dutela, baina horren trukean «babes falta» sumatu dutela instituzioen aldetik: «Erantzuna beste alde batera begiratzea izan da. Beti azkenak izan gara; faktura psikologiko handia ordaindu dugu».

Osakidetzari «babesa» eta egoera hori amaitzeko neurriak eskatu dizkiote; batez ere, zerbitzu horiek guztiak publiko bilaka ditzan.

Manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik abiatu da, eta segurtasun neurri zorrotzak ezarri dituzte: pankarten ostean, manifestariak hiru lerrotan joan dira, segurtasun tarteari eutsiz betiere, eta Plaza Eliptikora iritsi ondoren Bizkaia plazara abiatu dira. Manifestazioaren burua hara iritsi denean, eta oraindik jende asko Kale Nagusitik zetorren arren, txalo jo dute eta bukatutzat eman dute manifestazioa, pilaketarik sor ez zedin. Manifestariei eskatu diete amaierara iritsi ahala sakabanatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.