Italiako Giroa

Gannarentzat lehen etapa eta lidergoa

Italiarrak hegan egin du 15 kilometroko erlojupekoan, eta jarraipena eman dio bolada onari. Minutu batetik gora galdu dute Nibalik, Fuglsangek eta Kruijswijkek, haizearen eraginez

enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 3a
17:33
Entzun

Elastikoen bilduma egiteko moduan dago Filippo Ganna (Ineos). Italiako eta munduko erlojupeko txapeldunak indar erakustaldia egin du 15 kilometroko bakarkako saioan, eta, horri esker, aurtengo Giroko lehen maglia arrosa jantzi du. Faborito nagusia zen, eta iragarpenak ondo baino hobeto bete ditu. 15 minutu eta 24 segundoan osatu du erlojupekoa, hau da, batez beste orduko ia 59 kilometroko abiaduran. Joao Almeida (Deceuninck) eta Mikkel Bjerg (UAE) izan dira bigarren eta hirugarren, 22 segundora.

Ibilbidea oso berezia zen. Kilometro bateko malda bat zegoen hasieran, eta, hortik aurrera, ia dena aldapan behera egin behar zen. Abantaila handia zuten espezialista astunek, eta, bereziki, Gannak. Italiarrak distiraz luzitu du ortzadar maillota, eta txikitu egin ditu erreferentzia guztiak. Pello Bilbao (Bahrain) izan da irteten aurrenekoetako bat, eta lehen postuan izan da behin-behinean, 16.23ko denbora eginda. Gutxi iraun du aulki beroan, Almeidak ez bezala. Portugaldar gazteak 15.46 behar izan du ibilbidea osatzeko, eta buruan izan da Ganna iritsi den arte.

Italiarraz gain, baziren beste espezialista handi batzuk: Alex Dowsett (Israel), Victor Campenaerts (NTT), Rohan Dennis eta Jonathan Castroviejo (Ineos)… Ordea, ez dira esperotako mailan aritu. Castroviejo, adibidez, Bilbao baino zazpi segundo mantsoagoa izan da. Beteranoen ordez, gazteek egin dute distira: Gannak, Almeidak, Bjergek eta Tobias Fossek (Jumbo Visma) –bosgarren izan da, 31 segundora–.

Etapak ihes egin dio Almeidari, baina urratsa egin du sailkapen nagusiaren lehian. Hautagairik indartsuena izan da, Geraint Thomasen (Ineos) beraren aurretik. Galestarrak segundo bat gehiago behar izan du. Laugarren postuan bukatu du etapa. Simon Yates (Mitchelton) beldur zen izan zezakeen galeraz, baina oso denbora txukuna egin du: 16.13, Thomasek baino 26 segundo gehiago. Ondo moldatu den beste hautagaia Alexandr Vlasov (Astana) izan da; 21 segundo eskas galdu ditu Thomasekin alderatuta.

Gainontzeko hautagaiak ia bi ordu geroago atera dira, baldintza dezentez aldrebesagoekin. Kalte egin die haizeak, eta denak aritu dira ezinean. Thomas erreferentzia gisa hartuta, Vincenzo Nibalik (Trek) 1.06 galdu du, Steven Kruijswijkek (Jumbo Visma) 1.21, eta Jacob Fuglsangek (Astana) 1.24. Danimarkarra, gainera, bizkartzain bat gutxiagorekin gelditu da: Miguel Angel Lopezek lasterketa utzi behar izan du, erdibideko mugarrian erori ostean.

Bihar, lasterketak Siziliako lurretan jarraituko du, 149 kilometroko etapa batekin. Amaiera ia lau kilometroko koska batean egongo da; beraz, errematatzaileak eta maldan gora hainbestean dabiltzan esprinterrak sartuko dira jokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.