Reala 3-0 Getafe

Realak nagusitasunez irabazi dio Getaferi

Oiartzabalek, Merinok eta Portuk egin dituzte donostiarren golak.

Realeko jokalariak gol bat ospatzen, gaur, Anoetan. JON URBE / FOKU
Iñigo Lasa Fresneda.
2020ko urriaren 3a
22:15
Entzun

Anoetan gelditu dira hiru puntuak, aspaldiko partez. Etxean irabazi gabeko bost partidetako bolada txarrari amaiera eman dio Donostiako taldeak. 3-0 irabazi du etxeko taldeak Getaferen aurka. Realak bikain menderatu du Jose Bordalasek zuzendutako taldea. Azken partidetako joko ona goletan bilakatu dute txuri-urdinek, eta ez dute aparteko arazorik izan partida irabazteko. Lehiako azken txanpa ederra izan da.

Lehenengo momentutik partidan nagusi izan da talde txuri-urdina. Baloiaren jabetza edukitzeaz gain, gola sartzeko aukera dezente izan ditu. Aukera bikoitza izan du Mikel Merinok 8. minutuan.  Bi aukeretan, baina, ez du baloia sarera bidaltzeko modurik izan: lehenengoan defentsa batek, eta bigarrengoan Soria atezainak eragotzi diote gola erdilari nafarrari. Taldeko ipar orratza dela erakutsi du beste behin.

Lehen zatiaren erdialdean, 27. minutuan, iritsi da Imanol Alguacilen taldearen lehendabiziko gola. Porturen erdiraketa eskuarekin ukitu du Matias Oliveirak area barruan; Mateu Lahoz epaileak ez du zalantzarik egin, eta penaltia adierazi du. Mikel Oiartzabalek barrura bota du baloia 11 metroetatik. 200. partida zuen gaur kapitainak elastiko txuri-urdinarekin, eta modu ezin hobean ospatu du.

Bi gol azken txanpan
Bigarren zatian ere nagusi izan da Reala. Lehen minutuetan sendo aritu da defentsa lanetan, Bordalasen taldea gola sartzeko aukerarik gabe utziz. Minutuak aurrera egin ahala, gora egin du Getafek; horretarako, Jaime Mata eta Timor zelairatu ditu teknikari espainiarrak.  Reala kontraerasoan mina egiten saiatu da, bisitariek atzean utzitako hutsuneak baliatuz.

Partida amaitzeko hamar minutu faltan zirenean erabaki du lehia Realak. Bi gol sartu ditu bata bestearen atzetik. 79. minutuan alboko falta batean iritsi da Donostiako taldearen bigarren gola. Mikel Oiartzabalek penalti puntuan jarri du baloia. Bertan, Mikel Merinok baloia bularrarekin jaitsi, eta ez du hutsik egin.  Kliska batean, hurrengo jokaldian, hirugarrena egin du talde txuri-urdinak. Portuk Xabi Etxeitak eginiko akatsa baliatu, eta Getaferen atezaina bikain gainditu du jaurtiketa loratu batekin. Merezitako garaipen batekin eta konfiantzaz gainezka iritsi dira Imanolenak  geldialdira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.