KALEDONIA BERRIA

Ezezkoak gutxigatik irabazi du Kaledonia Berrian

Hautesleen %53,26k egin dute Frantziaren menpe jarraitzearen alde; 2018an, %56,7 izan ziren. Gora egin du parte hartzeak: %85,85ekoa izan da.

Independentziaren aldeko eta aurkako kartelak, 2018ko erreferendumean. ANC LATVIJA / BERRIA
2020ko urriaren 4a
14:37
Entzun

Lehen kontaketetan baiezkoa irabazten ari zen arren, ezezkoa gailendu da Kaledonia Berrian: hautesleen %53,26k ezezkoa eman diote Frantziarekiko independentzia eskuratzeari. Dena den, emaitza 2018ko erreferendumean baino estuagoa izango da, orduan %56,7k bozkatu baitzuten ezezkoaren alde.

Emaitzak jakin ostean egindako lehen agerraldian Frantziako estatuburu Emmanuel Macronek eskerrak eman dizkie Kaledonia Berriko herritarrei independentziaren aurka bozkatzeagatik: «Hautesleek hitz egin dute. Gehienek argi utzi dute Kaledonia Berriak Frantziaren menpe jarraitzea nahi dutela. Estatuburu gisa eskerrak ematen dizkiet gureganako konfiantza agertzeagatik». Baina Macron independentzia eskatzen dutenei ere mintzatu zaie, eta konpromisoa hartu du beste erreferendum bat ere antolatzeko, hirugarrena, Kaledonia Berriko Kongresuak hala eskatuz gero. «Kaledonia Berriko historia kolonizazio istorio bat da. Gaur badakigu bidegurutze batean gaudela. Bi urte ditugu aurretik hitz egiteko eta etorkizuna irudikatzeko».

Gora egin duena, berriz, parte hartzea izan da: 2018an, botoa eman zezaketenen %81,01 joan ziren bozkatzera, eta, atzo, %85,85 joan ziren.

Kaledonia Berriko deskolonizazio prozesuko bigarren independentzia erreferenduma da gaurkoa. Noumeako Akordioaren arabera, ezezkoak berriz irabaziz gero —badirudi hala gertatuko dela—, kaledoniarrek hirugarrenez eta azkenekoz izango dute aukera irla multzoaren subiranotasunaz iritzia emateko, beranduenez hemendik bi urtera, betiere Kaledonia Berriko Kongresuaren heren batek galdeketa horretara deitzen badu.

Independentzia erreferendumaren osteko bi jokalekuei buruzko dokumentu bat argitaratu du Parisek aurten, duela bi urte egin bezala; bi orrialdeko txostena baiezkoaren eta ezezkoaren garaipenez ari da, eta horien ondorioz gertatuko denaz.

Hirugarren aukera?

Batzuek dagoeneko zalantzan jarri dute hirugarren erreferenduma egiteko beharra. Sonia Backes Hegoaldeko probintziako presidente eta buruzagi loialistaren iritziz, «agian aukerarik onena» mahai beraren inguruan esertzea izango da: «Kaledonia Berriari begira, independentistek autonomia handiagoa lor dezaten, eta loialistek nahi dutena izan dezaten, Frantziaren parte izan aurrerantzean ere».

Halere, kontuan harturik independentistak Kaledonia Berriko Kongresuko kideen herenak baino gehiago direla, hirugarren erreferenduma egiteak egiazko aukera bat dirudi, gaur ezezkoak irabaziko balu. Izan ere, Victor Tutugoro Independentziarako Batasun Nazionaleko (UNI) buruzagiaren ustetan, «subiranotasun osora» iristea da deskolonizazio prozesua «amaieraraino eramatea».

Hala ere, ez dago argi zer gertatuko den hirugarren galdeketa horretan ezezkoa berriz gailentzen bada. Noumeako Akordioaren arabera, arduradun politikoak elkartu beharko dira «sorturiko egoera aztertzeko». Loialisten sektore moderatuak adierazi du egoera horretan autonomia handitzea litzatekeela pausorik egokiena, baina, egiaz, oraindik ez dago ezer esanguratsurik finkatua.

Beranduenez 2022rako independentzia edo Frantziaren parte izateko jarrera gailentzen bada ere, deskolonizazio prozesuak aldaketa gehiago eragingo ditu Kaledonia Berrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.