Txirrindularitza

Alaphilippen hutsegiteak Roglicentzat mesede

Emakumezkoetan Deignan nagusitu zen, bakarrik helmugaratuta.

Alaphilippe ustezko garaipena ospatzen. JULIEN WARNAND / EFE
2020ko urriaren 5a
08:44
Entzun

Txirrindularitza egutegiko lasterketarik zaharrena jokatu zen atzo, denboraldiko hirugarren monumentua: Lieja-Bastogne-Lieja. Berriro ere, gizonezkoen tropeleko indartsuenak direla argi utzi zuten atzo Liejako helmugara garaipenaren lehian iritsi ziren lau txirrindulariek. Tadej Pogacarrek (UAE), Marc Hirschik (Sunweb), Julian Alaphilippek (Dequeunick) eta Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) jokatu zuten azken esprinta. Ezustean, eta Alaphillipen hutsegiteei esker, Roglic nagusitu zen. Emakumezkoetan ere sorpresak. Ez Annemiek Van Vleuten, ez Anna Van Der Breggen ez ziren podiumera igo. Elizabeth Deignanek (Trek) lortu zuen garaipena, bakarrik helmugaratuta.

Gizonezkoen lasterketak erritmo gogorra baina mugimendu gutxi izan zituen azken mendate tentera iritsi arte. Orduan jo zuen erasoa Alaphilippek, eta hala egin zen garaipenerako lehian arituko zirenen arteko aukeraketa. Hirschi lehenik, eta Pogacar, Roglic eta Kwiatowski (Ineos) iritsi ziren haren gurpilera. Poloniarrak, ordea, ezin izan zion erritmoari segi.

Hala, azken kilometroak elkarrekin egin zituzten lau txirrindulariek, garaipena azken esprintean jokatzeko asmoz. Elkar zaintzen ari zirela, Matej Mohoric (Bahrain) iritsi zitzaien, baina bideratzaile lanak egiteko aukera besterik ez zuen izan. Haren atzetik, Alaphillippek abiatu zuen esprinta. Hirschi aurrea hartzen ari zitzaiola ikusita, ordea, mugimendu azkar bat egin zuen hari bidea ixteko asmoz. Sunwebekoak oina pedaletik atera behar izan zuen. Harekin batera, gurpilean zuen Pogacar ere garaipenerako lehia aritzeko aukerarik gabe geratu zen. Alaphilippek eskura zuen ortzadar maillotarekin monumentu bat irabaztea, baina azkarregi hasi zen garaipena ospatzen, eta helmuga pasatu baino zentimetro batzuk lehenago aurreratu zuen Roglicek. Esloveniarrak hala atera zuen Tourreko arantza.

Lasterketa amaituta, epaileek bigarren postutik bosgarrenera bidali zuten frantziarra, azken metroetan eginiko mugimendu itsusiagatik. Hura gabe, litekeena da Hirschik Ardenetako bigarren garaipena eskuratu izana, asteazkenean Fleche Wallonne irabazi ostean.

Erasoa jo eta helmugaraino

Emakumezko lasterketa ezustekoz betea izan zen. Munduko txapelketan andre eta jabe izan eta asteazkenean Fleche Wallone seigarrenez irabazi ostean, Van der Breggen zen garaipena eskuratzeko faborito argia, aurreko urteko emaitza berrituz. Deignan izan zen, ordea, lasterketa hausteko gai izan zen bakarra, eta helmugarako bidea bakarrik egin zuen. Ez zuen lasai egiteko aukerarik izan, ordea. Buruz buruko lehia baten itxura hartu baitzuten azken kilometroek. Deignan lortutako abantaila mantendu nahian, eta Grace Brown (Michelton) harengana gerturatzeko asmoz. Azkenean, bederatzi segundora iritsi zen australiarra. 

Bi faboritoak jokoz kanpo, beste hiru herbeheretarren artean jokatu zuten podiumeko azken postua. Jada bi minutu baino gehiagoko atzerapenarekin, Ellen Van Dijk (Trek) helmugaratu zen hirugarren, Marianne Vosi (CCC) eta Amy Pietersi (Boels) aurre hartuta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.