Italiako Giroa

Helburua bete du Ulissik

Ganna lider oraindik ere. Gaur, Etna sumendian amaituko dute etapa.

Ulissi, garaipena ospatzen. LUCA ZENNARO / EFE
2020ko urriaren 5a
10:20
Entzun

Italiako Giroari hasiera eman aurretik adierazi zuen Diego Ulissik (UAE) atzoko eguna kolore gorriz markatua zuela. Amaiera ezin hobea zen italiarrarentzat Agrigentokoa. Azken lau kilometroak aldapa gora, udaberriko klasikoetan ikusi ohi den amaiera batekin. Peter Sagan (Bora) bera ere ez zen italiarra harrapatzeko gai izan, eta bigarren posturekin konformatu behar izan zuen. Zalantzak zeuden, era berean, Filippo Gannak arrosari eutsiko ote zion, baina erraz helmugaratu zen lehen tropeltxoan.

Giroko bigarren etapak Siziliako Alcamo eta Agrigento hiriak lotu zituen, 149 kilometroko ibilbidearekin. Ben Gastauer (Ag2r), Mattia Bais (Androni), Alessandro Tonelli (Bardiani), Etienne Van Empel (Vini Zabu) eta Thomas De Gent (Lotto Soudal) txirrindulariek osatu zuten eguneko ihesaldia. Hala, Italiako maila apaleko talde gonbidatuek hasi zuten euren ohiko jarduna. Hamar kilometro falta zirela irentsi zituen, ordea, tropelak.

Hala, azken zortzi kilometroetan nabarmen areagotu zen abiadura, azken aldapara ongi kokatuta iristeko asmoz aurrera egin baitzuten etaparako eta sailkapen nagusirako hautagai posibleek eta euren taldeek. Errepidea tentetu bezain laster, Luca Wackermann (Vini Zabu) izan zen aurrera egiten saiatu zen lehena. Valerio Contik lan ikaragarri egin zuen, ordea, Ulissirentzat, eta Wackermannek ez zuen iristeko aukerarik izan. Hala, Ulissik berak jo zuen aurrera, 800 metro falta zirela. Peter Sagan (Bora) eta Mikkel Honore (Dequeunick) atera ziren haren atzetik, baina ezin izan zuten italiarra harrapatu. Beste behin, bigarren geratu zen Sagan, eta aurten ez du garaipen bakar bat ere lortu oraindik.

Hirukotearen atzetik, bost segundora sartu zen tropela. Vlasov (Astana) errusiarra gabe sartu ere. Txirrindulari gaztea sailkapen nagusiko lehenengoen artean egoteko hautagaia zen, baina ondoezik utzi behar izan du lasterketa. Astanak bi egunean galdu duen bigaren txirrindularia da. Lehen erlojupekoan erori eta erretiratu egin baitzen Miguel Angel Lopez ere. 

Gauzak hala, sailkapen nagusian ez da aldaketa nabarmenik egon. Ganna dabil lider oraindik, Joao Almeida (Dequeunick) 22 segundora duela, eta Geraint Thomas (Ineos) 23ra.

Gaur, benetako lehen proba izango dute sailkapen nagusirako hautagaiek, Etna sumendian amaituko baita etapa: 18,6 kilometroko mendatea, %6,7ko aldaparekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.